ezeztatu

2016/04/29

2016ko apirilaren 29a

 Saioan funtzionamendurako baimena emateko foru agindua landu dugu. 
Eta  jakinarazten dizuet honako hitz hauek sartu ditudala hiztegian:

Tabique= trenkada
Grifo= txorrota
Prueba testifical= lekukotza-froga, lekuko-froga
Manguera= mahuka


Ondo ibili!!!

2016/04/25

APIRILAREN 22KO SAIOA

Ostiraleko saioan lan-bilera egin zuten, bertan langileek prestatutako kontsulten erantzunak banan-banan komentatu eta zehaztu zituzten.

 Aste ona izan!!!

2016/04/21

HIZTEGIA

Honako termino hauek sartu ditut hiztegian:

Falso techo= sabai aizun

Comunidad de bienes= ondasun-erkidego

Contrato laboral= lan-kontratu

Contrato de prestación de servicios=zerbitzu-prestazioko kontratu 

Actividad económica= ekonomia-jarduera, jarduera ekonomiko

Habilitación= gaikuntza, gaitze, emate


Depósito de medicamentos= sendagaiak gordailuan jartze


Ondo ibili!!!

2016/04/18

FORU LIBURUTEGIAK BOOKCROSSING EKIMENA BULTZATUKO DU LIBURUAREN NAZIOARTEKO EGUNA OSPATZEKO


Bost egunez, Bizkaiko Foru Aldundiak laurehun liburu inguru askatuko ditu Bizkaiko hainbat tokitan
Laugarren urtez jarraian, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta (apirilaren 23an), Bizkaiko Foru Liburutegiak proiektu horri loturiko laurehun liburu inguru askatuko ditu Bizkaiko hainbat tokitan, hala euskarazkoak nola gaztelaniazkoak. Aurten, berrikuntza modura, helduentzako liburuez gainera, neska-mutilentzako irakurgaiak ere askatuko dira.
Bilbon, apirilaren 18tik 22rako astean askatuko dira Bookcrossing ekimeneko liburuak, jendea hara-hona ibili ohi den leku publikoetan: plazak, parkeak, pasealekuak eta abar, hala hirigunean nola auzoetan.
Beste bost udalerritan ere aurkitu ahal izango dira halako liburuak: Balmasedan, Durangon, Gernika-Lumon, Markina-Xemeinen eta Urduñan. Herri horietan, apirilaren 22an askatuko dira liburuak, eta, horretarako, tokian tokiko udal liburutegien laguntza izango du Foru Liburutegiak. Proiektu erabat altruista da Bookcrossinga, zeinaren helburua baita hainbat liburu askatzea hainbat toki publikotan, beste irakurle batzuek hartu eta, irakurri ondoren, ekimenarekin bat egin dezaten, aurkitutako liburuekin zein eurek ekarritako liburuekin.
2001ean sortu zen ideia, Estatu Batuetan: Ron Hornbaker delako bati otu zitzaion, aurretik zeuden beste ekimen batzuetatik abiatuta; esaterako, banketxeetako txartelen billeteen jarraipena egitea, numerazioaren bitartez.
Proiektuan parte hartzeko, liburua Bookcrossingen web-orrian erregistratu behar da aurretiaz, Internet bidez. Behin erregistratu ondoren, prozedura errez baten bidez, aske utzitako liburua non dagoen ikus daiteke, eta beste irakurle batzuen iritziak irakurri ere.
Liburua edozein toki publikotan utz daiteke aske, baina toki batzuk egokiagoak dira ekimenak erantzuna izatea nahi badugu.
Behin liburu bat hartuta, gomendioa da gainerako irakurleekin partekatzea irakurketari buruzko iritziak. Erraza da: Bookcrossing ekimenaren web-orrian sartu, eta, alearen erregistro-zenbakiaren bidez, hedadura globaleko komunitate horretan parte hartu daiteke. Horrela, aldi batez liburuaz jabetu diren guztien iritziaz jaso daitezke, bai eta aleak zer ibilbide egin duen ere. Batzuetan, harrigarria da liburu batzuk nondik nora mugitzen diren, are kontinente batetik bestera ibiltzeraino.
http://www.bizkaia.eus/home2/bizkaimedia/Contenido_Noticia.asp?Not_Codigo=16196&idioma=EU&dpto_biz=4&codpath_biz=4

2016/04/15

2016ko apirilaren 15a


Gaur saioa izan dugu eta apirilaren 4ko, 7ko eta 15eko bileretan aipatutakoak zuzendu, egokitu eta euskaratu ditugu.

Bestalde, komentatu nahi dizuet honako termino hauek ere sartu ditudala blogeko hiztegian:

Sector: sektore (Arkitekturan)
Sectorizar: sektoreka banatu (Arkitekturan)
proyecto de acondicionamiento: egokitze-proiektu

Asteburu ona izan!!!!

2016/04/13

HIZTEGIA OSATZEN!!!


Jakinarazten dizuet EUSKARAZ KONTROLATUZ blogeko hiztegian honako termino hauek sartu ditudala:

Restricciones físicas: murrizgarri fisiko

Armario empotrado: horma-armairu
Vestuario: aldagela
Postgrado: graduondo
Idoneidad: egokitasun
Antecedente penal: zigor-aurrekari
Llave maestra: giltza orokor, orotariko giltza

Bide batez gogorarazten dizuet ostiralean goizeko 9etan saioa izango dugula.

Ondo ibili


2016/04/11

Parkinson-en gaitza

Parkinson Gaitzaren Munduko Eguna ospatzen da apirilaren 11n, James Parkinson doktore britainiarraren jaiotze-eguna baita.

Parkinson-en gaixotasuna nerbio-sistema zentraleko gaixotasuna da, gaixotasun kronikoa, progresiboa eta ezgaitzailea, mugimenduaren nahi gabeko trastornoak eta muskulu-tonuaren alterazio orokorrak eragiten dituena. 65 urtetik gorakoen % 1-3ri erasaten die. Gaitzaren hasiera 50-60 urte bitartean gertatzen da, arraza guztiei erasaten die eta ez dago sexuen arteko alderik.

Zein dira arrazoiak?
Aurreneko kasua 1817. urtean deskribatu zuen J. Parkinson-ek, eta geroztik ia berrehun urte pasatu diren arren ere, oraindik ez dira arrazoiak erabat argitu. Hainbat teoria agertu izan dira gaitza azaltzeko: ingurumeneko faktoreak (neurotoxinak, esaterako), suszeptibilitate genetikoa, dopaminaren metabolismoko produktuak, etab. Gauza bakarra dago argi: neurona dopaminergikoen galera batengatik gertatzen dela.

Zer sentitzen du pazienteak?
Atsedeneko dardara, zurruntasuna, bradizinesia (mugimendu oso motelak, eta pauso txiki-txikiz osatutako ibilera, besoen batere mugimendurik gabe) eta jarrerazko ezegonkortasuna (enborra eta gorputz-adarrak tolestuta egoten dira, eta horrek erortzeko joera areagotzen du). Sintomak alde batekoak dira hasieran, baina azkenean gorputzaren bi aldeei erasaten die. Ager daiteke baita ere listua irensteko zailtasuna (eta horrek lerdea jariatzea eragiten du), hipotentsio posturala (tentsio arterialaren jaitsiera alegia, eserita edo etzanda egotetik zutik jartzerakoan), eta idorreria.

Erasan-mailaren arabera bost estadiotan sailkatzen dira pazienteak:

- I. estadioa: sintomak alde bakarrekoak dira.
- II. estadioa: bi aldeak daude erasanak.
- III. estadioa: aurrekoaz gainera, erreflexu posturalak galtzen dira, eta erorketak gertatzeko arriskua dago.
- IV. estadioa: aurreko sintomak areagotu egiten dira, eta eguneroko bizimoduko jarduerak egiteko zailtasunak dauzka pazienteak.
- V. estadioa: mugiezintasun handia, ibiltzeko ezintasuna, bizimodu osoa ohearen eta etzaulkiaren artean egiten da, eta mendekotasun izugarria du gaixoak.

Geroagoko konplikazioak dira depresioa eta dementzia. Gaitzaren fase oso aurreratuetan, gaixoa oso ezindua egoten da, eta laguntza behar du garbitzeko, janzteko, jateko, etab. Irensteko zailtasunak ere eduki ditzakete, eta janaria eztarrian trabatuta geratu: horrek azkenean aspirazioagatiko pneumoniak ekar ditzake.

Nola atzematen du medikuak Parkinson-en gaitza?
Hasierako faseetan Parkinson-en gaixotasunaren diagnostiko zehatza egitea zaila gerta daiteke, baita eskarmentu handiko medikuentzat ere, ez baitago proba berezi eta espezifikorik gaitz honentzat. Normalean gaixoaren zurruntasun edo dardaragatik diagnostikatzen da, sintoma horiek eragozpenak dakarzkiotelako pazienteari bere eguneroko bizimoduan, baina behaketa-aldi bat behar da gaixotasunaren eboluzioa ikusteko.

Beste parkinsonismo modu batzuk ere antzeko ezaugarriak, baina tratamendu arras diferenteak dituztenez, diagnostiko zehatza ahalik eta bizkorren egitea ezinbestekoa da pazientearen tratamendua botika egokiekin hasteko.

Nola trata daiteke gaitza?
Tratamendu farmakologikoa medikuak jarri eta kontrolatuko du beti, eta indibidualizatua izango da kasu guztietan, gaixoaren ezaugarrietara egokitua. Gaitza ez da sendatzen, baina medikazioaren bidez sintomak kontrola daitezke, eta gaixoak bizimodu erosoagoa izango du (apenas sintomarik gabe). Erabiltzen diren farmakoak hauek dira: levodopa, selegilina, dopaminaren agonistak, antikolinergikoak eta beste batzuk.

Levodoparen erabilerak aurrerapauso handia ekarri zuen gaixotasunaren tratamenduan. Substantzia hori dopaminaren aitzindaria da, eta bere ekintza dopaminaren galera edo eskasia konpontzen saiatzea da. Levodopak gaixotasunaren sintoma guztiak hobetzen dituenez, erabiltzen hasi zenetik erasandako pazienteen bizi-kalitatea nabarmen hobetu da. Hala ere, ez da beste botika batzuk bezain eraginkorra dardara eta posturaren alterazioak kontrolatzeko.

Gaixotasunaren eboluzioan zehar, gorabeherak ager daitezke mugikortasunean, eta gorabehera horiek L-dopa hartzearekin gutxi-asko lotuak egon daitezke. Asaldu motor ohikoena dosi-amaieraren narriadura esaten zaiona da (periodo-off). Gorabehera motor horiek ager daitezke dosia hartu eta 2-3 ordura, edo izan daitezke erratikoak, modu inkontrolatuan agertuz. Zergatik gertatzen diren oso ondo ez dakigun gertaera horiek tratatzeko, ekintza atzeratuko L-dopa ematea gomendatzen da, edo bestela dosien arteko tarteak murriztea.

Antikolinergikoek dardara eta zurruntasuna hobetzen dute eta gehiegizko listu-jarioa gutxitzen, baina ez dute hainbesteko eraginik mugimenduen baldartasunaren gain. Eragin antiparkinsonianoa duen beste substantzia bat amantadina da, hasiera batean antibiriko gisa erabilia, baina kasualitatez Parkinsonaren kontra eragina bazuela ikusi zenean, gaitz honen aurkako tratamenduan sartu zuten adituek.

Botikez gain, proteinen kopurua eguneroko jan-neurrian gutxitzeak ere lagun dezake tratamenduan. Interesgarria da, era berean, jarduera fisikoa sustatzea, eta eguneko zentro batean edo antzeko beste lekuren batean errehabilitazioa egitea gomendatzen da.

Botika horien erabilerak dakartzan albo-ondoriorik usuenak aho-lehortasuna, idorreria, ikusmen zirriborrotsua eta oroimenaren asalduak dira.

Erabiltzen al da kirurgia?
Kirurgia erabiltzea nahiko gauza ohikoa zen garai batean Parkinsona tratatzeko. Baina behin levodopa aurkitu eta gero, kirurgia kasu gutxi eta jakin batzuetara murriztua geratu da. Gaur egun ikerketa handi bat dago martxan erabakitzeko garuneko area zehatz batzuk kirurgikoki suntsitzeak zenbaterainoko balioa izan dezakeen: horretarako metodoak ekar ditzakeen abantailak edo suposa ditzakeen kalteak baloratu eta konparatu beharko dira.

Zein da gaitzaren eboluzioa?
Parkinsonak jota dauden paziente gehienetan, sintomak poliki-poliki progresiboak dira, eta horregatik urte luzetan gaitzak gaixoaren eguneroko bizimoduan egin dezakeen interferentzia oso txikia izango da, oharkabea ia. Parkinsona duten gaixo gehienek bizimodu independentea eta aktiboa eraman dezakete, gaitzak ezartzen dizkien muga guztien gainetik. Baina gaixotasunak aurrera egiten duen neurrian, pazientea gero eta ezinduagoa aurkitzen da. Behar bezala tratatutako Parkinson-en gaixotasunak, hala ere, ez du bizi-itxaropena laburtzen.

Sistema estrapiramidaleko patologiaren barruan, Parkinson-en gaitza da nagusia, baina badira beste gaixotasun batzuk ere, sintoma minimoak dituztenak, Parkinsonetik bereizi beharrekoak. Horien artean daude:

Paralisi supranuklear progresiboa. 45-75 urte artean agertzen da, bi aldiz usuagoa da gizonezkoetan emakumetan baino. Sintoma nagusiak oftalmoplejia, gorputz-adarretako zurruntasuna eta bradizinesia dira.
Gongoil-endekapen kortikobasala
* Endekapen estriato-nigrala (alegia, garunean kokatuak dauden gorputz zerrendatuaren eta gai beltzaren degenerazioa)
Distoniak
Trastorno parkinsonianoak, botika edo farmakoek eragindakoak

Zenbait kasutan, gaixoaren sintomek gaitz horien irizpideak betetzen ez dituztenean, sintomatologia estrapiramidalaz hitz egiten da, patologia ezin baita inolako kategoriatan tipifikatu, ez Parkinson bezala, ezta bestelako koadro horien barruan ere.

Jabier Agirre, UZEI

2016/04/04

Ume eta gazte literaturan balore ez-sexistak bultzatuko ditue 'Irakurleak eraikitzen' jardunaldian
 

Apirilaren 5ean eta 6an, berbaldiak eta mahai-inguruak antolatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, Irakurleak eraikitzen izenburupean. Hirugarrenez egingo dabe jardunaldia eta, aurten, ume eta gazte literaturan sexismoaren aurkako baloreak bultzatzera bideratuko dabe egitaraua. Bilbon, Foru Liburutegian izango dira saioak, doban.
Apirilaren 2an, Ume eta Gazteen Literaturearen Nazinoarteko Eguna izan zan. Horregaz lotuta antolatzen dabe urtero Irakurleak eraikitzen jardunaldia. Lehenengo edizinoan, 2014an, bitartekariek irakurketea sustatzeko egiten daben lana izan zan ardatza. Bigarrenean, igaz, autore klasikoak. Aurten, hirugarren edizinoan, balore ez-sexisten eraikuntzea.
Ume eta gazteen literaturan lan handia egin dauen Luciana Sandroni idazle brasildarrak idatzitako mezua irakurriko da, jardunaldiei ekiteko. Yannick Bergara eta Carmen Pardo aktoreak arduratuko dira horretaz, martitzenean, hilak 5, arratsaldeko 18:00etan.
Ondoren, berbaldiak egongo dira: Miren Gullo eta Mireia Delgadoren Itsaspeko bihotzak, urazpiko hausnarketak harilkatzen eta estereotipoak bihurritzen eta Miriam Herbon eta Manu Lopez Gaseniren Maitasun erromantikoa: printze urdinarengandik komendia erromantikora.
Hilaren 6an, eguaztena, beste hitzordu bi egongo dira Foru Liburutegian. Patxi ZubizarretakLiteratur lan bat sortzeko irizpideak izeneko berbaldia emongo dau eta ondoren mahai-ingurua egingo dabe, Deskodetuz balioak, arketipoak, ereduak, rolak gaiari buruz. Arrate Egañak, Josune Muñozek eta Asun Agirianok parte hartuko dabe hor.
Ganera, erakusketea ipiniko dabe Foru Liburutegian bertan, 2. solairuan. Ilustratzaile ugarik aurtengo jardunaldien gaiaren inguruan egindako irudiak ikusi ahal izango dira. Jarduera guztiak dobakoak dira eta interesa daukien guztiei liburutegira hurreratzeko deia egin deutse Foru Aldundiak.


Bizkaie!