ezeztatu

2016/05/27

2016ko maiatzaren 27a


Gaurko saioan apirilaren 27ko, maiatzaren 13ko, 20ko eta 25eko bileretan aipatutakoak egokitu, zuzendu eta gaztelaniaz esandako terminoak euskaratu ditugu.
Eta maiatzaren 25eko bileran aipatutako guztiak komentatzeko astirik izan ez dugunez, datorren asteko saioan landuko ditugu.

Oso ondo ari zarete. ANIMO ETA AURRERA!!!

Ondo ibili





2016/05/19

LEZAMARA HELDU DIRA ALDUNDIKO EGOITZETAKO OROITZAPEN-TAILLERRAK


Gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten adineko batzuek, foru-egoitzen sarean ezarritako tratamendu berritzaile honetan parte hartzen dutenek, goiz berezia eman dute Athleticeko lehen taldeko jokalariekin.

Oroitzapen tailerrak Lezaman  

Oroitzapen-tailerretan parte hartzen duten adinekoek oso goiz hunkigarria eman dute Athletic Clubek Lezaman dituen instalazioak ezagutzeko bisitan. Tailerrok Leioa, Gallarta eta Elorrio egoitza publikoetan ezarri dira, bai eta foru-sarekoa den baina Aita Mennik kudeatzen duen Txurdinagabarri egoitza-zentroan ere. Ehun bat parte-hartzaile eta haien senideak joan dira lehen taldeko entrenamendua ikustera, zeina Ernesto Valverdek zuzendu baitu. Lezamako saioan, tailerreko parte-hartzaileek beren oroitzapenak piztu ahal izan dituzte, instalazio zuri-gorrietako ikurrak ikustean: San Mameseko arkua eta Athleticen historiako mito diren Piru Gainza eta Telmo Zarraonaindiaren bustoak, besteak beste. «Lehoien» entrenamenduaren azken zatia ikusi ondoren, eta gonbidatzaile aritu den José Ángel Iribarrek lagunduta —Athletic Club taldeko jokalari ohien elkarteko presidente gisa—, Athletic Clubeko plantillako jokalari batzuekin bildu dira oroitzapen-tailerreko partaideak eta haien senideak.

Proiektu berritzailea Bizkaian
Bizkaiko Foru Aldundiak oroitzapen-tailerrak jarri ditu abian adinekoentzako egoitza publikoetan. Proiektu hori futbolari ohien elkarteen Espainiako Federazioak garatu du. Foru Erakundeak, berriz, egokitu egin du kontrastatutako emaitzak dituen tratamendu berritzaile hau, zeinaren funtsa iraganeko bizipenak gogoratzea baita. Kasu honetan, Athletic eta futbola erabili dira gogoratzeko tresna gisa. Esku-hartze mota hau oso bestelakoa da, beste batzuen aldean, eta oso jarrera positiboa eragiten du adinekoen artean, batez ere, dementzia motaren bat dutenen artean. Tailerra astean behin egin da zentroetako bakoitzean, narriadura kognitiboa edo dementzia arin edo moderatuak dituzten 8-9 pazienterekin. Guztira, 12 saio egin dira, eta saio horietan parte-hartzaileen zentzumenak landu dira, objektuak, musika, bideoak eta argazkiak erabiliz.
Europarren erdiek gizentasuna edo gehiegizko pisua izango dute 2030ean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2016/05/19
Gizentasunaren Ikerketarako Europar Elkarteak  loditasuna gaixotasun gisa onartzea eta "premiazko neurriak" hartzea eskatu du.



Gizentasunak eta gehiegizko pisuak "eragin suntsitzailea izango dute osasunaren kostuetan eta produktibitatean, baldin eta premiazko neurriak arin hartzen ez badira", Gizentasunaren Ikerketarako Europar Elkarteak txosten batean jakitera eman duenez.
2030ean europar herritarren erdiek baino gehiago gizentasuna izango dute, eta zenbait herritan maila hori % 90era helduka da.
Loditasunak egun Europar Batasunean eragindako produktibitate galerei aurre egiteko eta gaixoei artatzeko 70.000 milioi euro bideratu dituzte EBko herriek.
Hori dela eta, loditasuna gaixotasun gisa onartzea eta "premiazko neurriak" hartzea eskatu du Gizentasunaren Ikerketarako Europar Elkarteak.
Datorren maiatzaren 21ean Loditasunaren Europar Eguna ospatuko da.
Loditasuna gaixotasun konplexua eta kronikoa da, eta horren eragileen artean, besteak beste, baldintza genetiko edo endokrinoak eta ingurumen-faktoreak (estresa, dieta eta lan-baldintzak) daude, Herman Toplak Gizentasunaren Ikerketarako Europar Elkarteko presidenteak azaldu duenez.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera ere, loditasuna XXI. mendeko osasun arazo larrienetariko bat da, eta horrela ohartarazi egin du azken boladan.

2016/05/16

Maiatzaren 13ko saioa


Ostiraleko saioan hiru bileretan aipatutakoak zuzendu, egokitu edo euskaratu genituen. Horretaz gain, iraupena eta maiztasuna nola adierazi euskaraz  azaldu nien.

NOLA ADIERAZI IRAUPENA ETA MAIZTASUNA EUSKARAZ?

IRAUPENA

Absolutiboaz (NOR) eta instrumentalaz (ZEREZ) gainera inesiboan (NON) erabiltzen da maiz iraupena adierazteko.

Jonas hiru egunez izan zen balearen erraietan…
Jonas balearen sabelean hiru egun eta hiru gau izan zen…
Erroman bi urtean egon zen…

Instrumentalean eta absolutiboan iraupena mugagabearen bidez ematen da aditzera.
Inesiboaren kasuan, mugagabea erabiltzea zilegi da baina mugatu singularra erabiltzea hobesten da honako kasu honetan: denbora etengabeko unitate bakar gisa hartzen denean, hots, prozesu edo gertaera baten iraupena adierazten denean.

         Hiru astean asko hazi da haurra
            Hiru urtean ikasi du euskara
            Lau urtean lan egin du Afrikan

Iraupenik adierazten ez denean, mugagabeak ohiko lekua izango du. Hiru urteko iraupena adierazi beharrean hiru urte desberdinetan gertatu den zerbait adierazi nahi bada, mugagabea beharko da:

         Lau urtetan antolatu dute danborrada


MAIZTASUNA

Maiztasuna adierazteko honako eredu hauek guztiak ditugu

            Lau urtean behin elkartzen dira senitartekoak.
            Lau urterik behin elkartzen dira senitartekoak.
            Lau urtetik lau urtera elkartzen dira senitartekoak.
            Lau urtez behin elkartzen dira senitartekoak.
           
Lau urtetarik behin elkartzen dira senitartekoak.

Maiztasuna adierazteko beste egitura bat [izena + -ero] esamoldea dago:

            [Astero, hilero, ordu laurdenero]etortzen da.

Baina bada hedatuxea den egitura bat, ez euskal literaturan ez eta ahozko erabileran ere inongo tradiziorik ez duena eta, beraz, gaitzestekoa dena: [zenbatzailea + izena + -ero]

         * Bi urtero egiten dute bilera batzordekoek.
            * Hamabost egunero etortzen dira bisitan.

Hamabostero onartzekoa da, hamabostean behin nahiz hamabosterik behin-en parean.

Aste ona izan!!!


2016/05/13

DENETARIK, NONAHI






Natalia Salazar Orbe
Kultur jarduerek eta ikuskizunek beteko dituzte datozen asteetan Bilboko auzo eta txoko guztiak. 180 ikuskizun eta jarduera baino gehiago jasota iritsi da Kultura Kalez Kale kanpaina. Maiatzean eta ekainean aukera zabala eskainiko diete denetariko gustuak dituzten ikus-entzuleei. Zirkua, clown erakusketa, magia, antzerkia, ipuin kontalariak, zinema aire zabalean, hitzaldiak, kontzertuak zein kaleko bandek eskainiko duten musika animazioa eta bestelakoak ez dira faltako, orain artean bezala, udara bitarteko egunetan ere.
Hirian erreferentzia bilakatu diren programek osatzen dute eskaintza zabal horren atal handi bat. XII. Magia Topaketak dira horietako bat. Hogei mago inguru eramango dituzte programa horren barruan Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoetara. Bertan zein nazioartean gero eta indar eta oihartzun handiagoa hartzen ari diren profesionalak batuko dituzte maiatzean. Adin guztietako ikus-entzuleek saio ugariz gozatzeko aukera izango dute. Hilaren 18an, esaterako, David Blancok eta Asier Kidamek Mr White esan Alakazamikuskizuna taularatuko dute. Euskara eta ingelesa uztartzen dituen saioa da.
Folkloreak presentzia handia hartuko du. Hirian tradizio handienetakoa duen Dantza Plazetan egitasmoaren barruan, plaza eta bide publikoetan erromeria herrikoiak, dantza erakustaldiak eta kalejirak eskainiko dituzte hainbat taldek.
Fanfarre klasikoenaren soinuak eta animazioak zein bestelako estilotakoek girotuko dituzte inguruak. Guretzat Fanfarria, Sugarri eta Ardoa Barrura dira lehenengo taldeko adibide batzuk. Eta Orkestra Elektrotxarangak, Kuklux Band Fanfarriak zein Molto Vivacek emango diete dantzaldiei kutsu berritzaileagoa.
Hirugarren urtez jarraian euskal musikarien zuzeneko kontzertuez gozatzeko aukera emango die ikus-entzuleei Euskarazko Musika Lehena Barrutian programak. Ziklo horretako emanaldiak Deustuko hainbat agertokitara eramango dituzte. Ekainean izango dira horiek. Besteak beste, Aire Ahizpak zein Txuma Murugarren zuzenean ikusteko aukera izango da.
Zinemak protagonismo berezia du proposamen guztien artean. Zorrotzako Udaltegiak Zine Zorrotza egitaraua zabalduko du. Programa horretako saioetan bi film jaialditan ikusitako lan onenen aukeraketa bat eskainiko dute. Hain zuzen, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko (Zinebi) eta Bilboko Zinemaldi Fantastikoko (FANT) lanak eskainiko dituzte.
Horrez gain, Olabeagako Udaltegiak ohikoa bilakatu den aire zabaleko zinema saioa hartuko du ekainaren bukaera aldera, FAS zineklubarekin lankidetzan. Aurten prestatu duten ekitaldian Lara Izagirreren Un otoño sin Berlin eskainiko dute. Aurkezpen ekitaldi horretan taldeko kideren bat izango dela iragarri dute.
BLV-ART, ekainera
Berrikuntza gisa, orain arte urrian egiten zen BLV-ART egitaraua ekainera aurreratu dute. Ibaiondoko barrutiak hartuko du. Abangoardiako arte jarduerak eramango dituzte Bilbo Zaharreko inguru guztietara.
Adin guztietako ikus-entzuleentzako kale antzerkia eta zirkua ez dira faltako hirian. Barre konpainia, Domi Circo, Panta Rhei zein Rojo Telon euskal konpainiek familiako kide guztiek ondo pasatzeko egin ohi duten lanari eutsiko diote Kalez Kale programaren barruan ere.
Kalearen erabilera dute bereizgarri saio guztiek. Doan izango dira, gainera. Kultur proposamenak auzoetara eramatea du xede kanpainak. Kaleak animatu ere egin gura dituzte, eta biztanleen partaidetza eta haiekin izan beharreko harremanak sustatu. Dagoeneko, oihala altxatu dute Bilbon.

2016/05/09

Maiatzaren 6ko saioa


Ostiraleko saioan  bileretan aipatutakoak eta apirileko mezuetan idatzitakoak zuzendu, egokitu edo euskaratu ditugu.

Blogeko hiztegian honako termino hauek sartu ditut:


No conformidad= bat ez etortze, adostasunik eza

Formación Profesional de Grado Medio (FPGM)= Erdi-mailako Lanbide Heziketa(ELH)

Formación Profesional de Grado Superior (FPGS)= Goi-mailako Lanbide heziketa (GLH)


Aste ona izan!!!

2016/05/05

“Euskara Ibiltaria” erakusketa zabalik da Bilboko Zabalgune eraikinean

ehha bilbo2 txikia
Euskararen euskalki eta hizkera desberdinak ezagutzera ematea xede duen “Euskara ibiltaria” erakusketa zabaldu da gaur, maiatzaren 3an, Bilboko Zabalgune eraikinean. Erakusketak Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoa du oinarri eta eta Euskaltzaindiak, Bilboko Udalak eta Laboral Kutxak antolatu dute. Maiatzaren 27ra bitartean zabalik egongo da. Ekitaldi berean Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren VII. liburukia aurkeztu du Euskaltzaindiak. Andres Urrutia euskaltzainburuak esan duenez, "hau guztia gure ondarea zabaltzeko auzolanaren emaitza da."
Gaur goizean egin den ekitaldian, erakusketa antolatu duten hiru erakundeotako ordezkariek parte hartu dute: Bilboko Udalaren izenean, Juan Mari Aburto alkateak; Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Adolfo Arejita EHHAren zuzendari akademikoak; eta Laboral Kutxarenean, Julio Gallastegi zuzendari nagusiak. Eurekin batera, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordea eta Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria ere bertan izan dira. Dorleta Alberdi euskaltzain urgazle eta kazetariak aurkezpen lanak egin ditu.
Bestalde, hainbat komunikabide erakusketaren babesle diren heinean, horien ordezkariak ere ekitaldian izan dira: Berria, Bizkaia Irratia, Deia, EiTB,El Correo, Gara, Onda Vasca eta SER (Radio Bilbao) dira komunikabide horiek.