ezeztatu

2022/05/31

ARTIKULUA: BEHATOKIAREN WEBGUNEA BERRITU DA

 

Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren webgunea berritu da

Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren webgunea (Behatokia.eus) berritu da, eta bertan integratu da Euskararen Telefonoaren zerbitzua, lehen aparteko zerbitzu batean zegoena. Behatokiaren marka berrira egokitu da webgunea.

Euskararentelefonoa.eus zena, azken batean, euskararen erabilpen publikoan diskriminaziorik, tratu okerrik edo salatu beharrekorik ikusi baduzu, horiek salatzeko bidea da, eta Internet bidez datuak sartuz ere egin dezakezu. Zerbitzu berriak kontua sortu edo login egitea eskatuko dizu, jarraipena izan dezan gero zure salaketak edo irekitako intzidentziak.

Webgune berriko atalen artean, Behatokia bultzatzen ari den ekimen batzuen berri:

Django teknologia erabiliz, mugikorretara erabat egokitutako diseinua eta erabilgarritasuna du webgune berriak,CodeSyntax-ek egina (Sustatu argitaratzen duen enpresak).

2022/05/20

ARTIKULUA: IGOGAILUAREN HIZKUNTZA

 IGOGAILU baten hizkuntza, alokuzioak eta beste

 

Gure erakinian 2 igogailu ditugu. 18 solairuko eraikina da. Bertan ditugun 2 igogailu horiek duela gutxi “hitz egiten du”: “ateak ixten”, “igotzen”, “lehen solairua”… Horrelako audio grabazio edo alokuzioak ditu. Hasieran, aldatu zutenean, gaztelaniaz bakarrik esaten zuen. Baina dei pare bat nahikoa izan zen, gaztelaniaz gain euskaraz ere egin zezan.

Izan ere, elebidun jartzearena zentralizatua dago. “Remoto”-n egiten dute. Hau da, ez da langile bat igogailura fisikoki hurbildu behar. Hortaz, aldaketa horrek ez du dirurik kostatzen.

Zergatik kontatzen dut hau? Ba, ea jende gehiago animatzen den bere igogailu enpresara deitzeko eta aldaketa eskatzeko. Horrela, euskara urte luzez presentzia bermatua izango du. Ez da auzokide guztien, komunitateko presidente edo bilera batean erabaki behar. Nahikoa da norbaitek eskatzea.

Zuzeu, 2022-05-09

2022/05/18

ARTIKULUA: EUSKARALDIA

 Ariguneak izango ditu protagonista aurtengo Euskaraldiak

Belarriprest eta ahobiziekin batera, ariguneak izango dira aurtengo Euskaraldiko protagonistak. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute ariketa sozialaren hirugarren aldia, Hitzez ekiteko garaia lelopean, eta gaur zabaldu dute entitateek bertan parte hartzeko epea. Izan ere, 2020an bezala, entitateek parte hartu ahal izango dute ariguneak sortuz eta euskaraz «lasai» aritzeko guneak bermatuz. Ariguneak areagotzea da, hain zuzen ere, antolatzaileen helburua, eta, horregatik, izena emateko proposamena luzatu diete enpresa, erakunde, elkarte, fundazio, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei. Gaineratu dute aurten izen-emate prozesua «erraztu» dutela.


  Jakinarazi dutenez, herritar norbanakoek irailaren 28tik aurrera izango dute ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko aukera. Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailearen arabera, aurtengoa edizio «garrantzitsua» izango da, herritarrek kalea hartzeko, gizarte aktibazioa areagotzeko eta euskararen erabilera zabaltzeko aukera izango dutelako. Horregatik, azaldu du ekimenean parte hartzen duten belarriprest, ahobizi zein entitateei hizkuntza ohituretan eragiteko tresnak eskaintzea izango dela aurtengo «lehentasunetako bat».

2022/05/11

ARTIKULUA: Euskaldun

 Euskara jakiteak ez gaitu animaliekiko txeratsuagoak bihurtzen; ez gaitu egiten ingurumenari dagokionez arretatsuagoak; ez gaitu adimentsuagoak egiten —gutxienez bi hizkuntza jakiteak onura baino ez dezakeela ekar edonork onartu beharko lukeen arren, euskaldun elebakarrik apenas den garaiotan—; ez gaitu pertsona enpatikoagoak bihurtzen euskara jakiteak; ez gaitu zaintzaile hobeak bilakatzen.

Ogasunarekiko betebeharretan, zintzoagoak ala tranpatiagoak ez gaitu euskarak egiten; ez gaitu euskarak bizikide hobeak egiten; euskarak ez gaitu auto-gidari iaioagoak bihurtzen...

Baina euskaldun, bai. Euskarak egiten gaitu euskaldun. 

Andoni EgaƱa

Berria, 2022ko maiatzaren 11 (moldatua)