ezeztatu

2015/11/06

Hartuko zenuke etxean atzerriko ume bat?

Istiluetan dauden herrietatik haur asko etortzen da Euskal Herrira udako bi hilabeteak bertan pasatzera. Besteak beste, Saharatik eta Txernobiletik datoz haur horiek. Osasungarria gertatzen zaiela baieztatzen duten arren, zenbait adituk diote haur horiei, inguru hauetako errealitatea ezagutu ondoren, etxera itzultzea oso gogorra egiten zaiela.

1986ko apirilaren 26an, Txernobilgo VladĂ­mir Ilich Lenin izeneko zentral nuklearrean erreaktoreetako batek su hartu zuen eta izugarrizko kalteak eragin zituen. 2011n Japonian Fukushimako istripu nuklearra azken urteetako ezbehar larrienetako bat izan da. Hildakoak, desagertuak, zaurituak… Inguru horietan bizi diren haur eta helduak, oraindik gaur egun, hodei erradiaktiboak eragindako kutsadura jasaten ari dira.
1975ean, badira urte batzuk, Espainiak Mauritaniaren eta Marokoren esku utzi zuen Mendebaldeko Sahara. Orduz geroztik, independentzia-aldarrikapenak eta guda nagusitu dira Saharan. Gaur egun, sahararrak Aljeriako basamortuko errefuxiatuen kanpalekuetan bizi dira, eta saharar belaunaldi berriek, euren jatorrizko lur-eremua ezagutu gabe, kanpalekuetako baldintza gogorrak bizi behar izaten dituzte urte osoan zehar.

Belaunaldi berriek inoiz ikusi ez duten lurralde batera itzultzeko amets egiten dute.

Osasunaren Munduko Erakundeak dio horrelako egoeran bizi diren haurrentzat 40 egun etxetik urrun igarotzea oso onuragarria dela, haien osasunak hobera egiten duelako. Gogoeta horretatik abiatuta, elkartasun-proiektuen bitartez, istiluetan dauden herrietatik haur asko etortzen da Euskal Herrira udako bi hilabeteak bertan pasatzera. Besteak beste, Saharatik eta Txernobiletik datoz haur horiek.
Osasungarria gertatzen zaiela baieztatzen duten arren, zenbait adituk diote haur horiei, inguru hauetako errealitatea ezagutu ondoren, etxera itzultzea oso gogorra egiten zaiela. Marijo Galparsoro ataundarrak, aldiz, oso garbi dauka haurrentzat oso ona dela eta asko eskertzen dutela. Harekin izan gara, bere bizipenak ezagutzeko.
Marijok bigarren aldiz ekarri du haur saharar bat etxera: “Inguruko lagun batzuek udan saharar umea ekartzen zuten eta guri ere gogoa piztu zitzaigun. Saharako egoera ere ezagutzen genuen, eta laguntzeko era bat izan zitekeela pentsatu genuen. Horrela hasi ginen”.

Marijok pentsatzen du onura besterik ez duela horrelako umeak gurera ekartzeak.

Galparsorotarren etxera dagoeneko Saharako bi haur etorri dira azken urteotan: Lehenengo aldian, Lhaiza, eta, oraingoan, Sualem. “Bigarren esperientzia da aurtengoa. Lehenengoa neska zen eta oraingoa mutila. Lhaiza 6 urterekin etorri zen lehen aldiz eta 12 urterekin azkenekoan. Sualemek 11 urte ditu eta bosgarren aldia du gure artean”.
Normalean hamabi urtera arte etortzen dira, baina Saharako familien artean arau batzuk dituzte. Adibidez, aitak leku bereziren batean lan egiten badu, urte bat edo bi gehiago etortzen dira normalean. Edota familiaren nahia ikasketak egin ditzala bada, urte gehiago gelditzeko saiakera egiten dute”. Lhaizaren esperientzia bestelakoa izan dela kontatu digu Marijok: “Lhaiza bere familiako alaba zaharrena da, eta bestelako eginbeharrak ditu Saharan. Hemen ikasteko laguntza eskaini genien, baina familiak ez zuen nahi izan”.

Segituan ikasi dute euskara L.haizak eta Sualimek.

Lehenengo urtea txarra izan ohi dela esan digu Marijok, haurrak ez dakielako nora datorren, eta galduta sentitzen da hasieran. Baina gero, egokitzen direnean, segituan hartzen omen diote erritmoa udari: “Gu, euskara erakusten saiatzen gara, herriko umeekin harremanak izateko, eta, udalekuen bitartez, Ataungo gainerako haurrak ezagutzen dituzte”.
Medikuarengana, dentistarengana edota okulistarengana joateko ere aprobetxatzen da udan gure artean egiten duten egonaldia. Hartara, osasunean ere hobera egiteko aukera eta bitartekoak eskaintzen zaizkie.
Atzerrikoak eta bertakoak, guztiak haurrak
Hala ere, atzerriko haurrak ez dira hemengo haurrengandik hain desberdinak. Izan ere, udan haurrei gehien gustatzen zaiena igerilekura joatea da, eta haur sahararrak ere ez dira atzera geratzen, gehiena hori gustatzen baitzaie: “Lehenengo urtean egokitzea kosta egiten zaie, baina bigarrenetik aurrera primeran ibiltzen dira. Asko gozatzen dute. Batez ere igerilekuan”.

Ez da harritzekoa Saharako umeei, batez ere, igerilekua gustatzea.

Haurrek jaso bai, baina bueltan ere asko ematen digute: “Haiengandik jasotzen duguna izugarria da, zoragarriak dira. Emateko daukaten guztia ematen dute. Gure etxean, guk baino gehiago, Maide gure alabak ikasi du ume horiengandik, gauza-pila bat, eta oso aberatsa izan da udako egonaldia guztiontzat”.

Maidek izugarri ikasi du txikitatik L.haizaren ondoan.

Baina, gure artean galdera bat dugu: haur horientzat bi hilabeterako etortzea kaltegarria ote da? “Gurera Lhaiza azkeneko urtean etorri zenean, nerabezaroko aldaketa fisikoak hasi berri zituen, eta, pediatrarengana joan ginenean, zera esan zigun: “Lastima da. Lhaiza laster Saharara joango da eta hemengo elikadurarik ez duenez izango,  bere gorputzaren garapena gelditu egingo zaio”. Eta pediatrak esan bezala gertatu zen. Elikadura eta tenperatura altuek ume horien garapena eten egiten dute. Sei-zazpi urteko haurrak handik hona bi hilabeterako ateratzea nola izango da ba, txarra?”, galderarekin (edo erantzunarekin) agur esan digu Marijok.
 
http://www.ikasbil.net/web/ikasbil/artikuloaren-fitxa?p_p_id=56_INSTANCE_q8LS&p_p_lifecycle=0&p_p_state=normal&p_p_mode=view&p_p_col_id=column-1&p_p_col_count=1&groupId=10138&articleId=2025609

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina