ezeztatu

2016/01/14

BILBOKO IV. BERBAGUNEA



BILBOKO IV. BERBAGUNEA: URTARRILAREN 21EAN 

Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Arloak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Zuzendaritza Nagusiak bultzatuta, “BILBOKO IV. BERBAGUNEA” antolatuko da 2016ko urtarrilaren 21ean, BILBOKO AZKUNA ZENTROAn, ALONDEGIAn. 

Ekimen honen erronka euskararen erabilera kalera ateratzea izango da euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak elkarrekin euskaraz berbetan jartzea. Euskara euskaraz konpartitzea da asmoa. 

NORK HAR DEZAKE PARTE 

Euskaraz ulertzeko gaitasuna duen edonork (nahitaezko baldintza, euskarazko solasaldia oztopatuko ez duena, hain zuzen ere). Euskaldunak eta euskaldun hartzaileak batu nahi ditugu.

FUNTZIONAMENDUA 

Egunean zehar lau txanda antolatuko dira, eta guztira mila pertsonatik gora hartuko du parte. Hiru txanda goizez eta bat, laugarrena, arratsaldez:
 09:30 – 11:00 Lehen txanda.
 11:00 – 12:30 Bigarren txanda.
  12:30 – 14:00 Hirugarren txanda.
  16:30 - 18:00 Laugarren txanda arratsaldean.

 Mahaikide bakoitzak hiruorriko bat izango du landu behar diren hiru gaiekin. Mahai bakoitzak moderatzailea izango du. Moderatzailea euskaldun osoa izango da eta bere eginkizuna elkarrizketa sustatzea izango da sei mahaikideen artean.

Gonbidatuko ditugu gizartean nolabaiteko oihartzuna duten pertsonak: kultur arlokoak, kirol arlokoak, alderdi politikoetako ordezkariak eta beste sektore batzuetakoak, ekimenean parte har dezaten eta kaleko jendearekin mahai baten inguruan hitz egiteko elkartu daitezen.

 Bene-benetan eskertuko genuke zuen parte-hartzea; izan ere, oso modu positiboan baloratzen dugu BERBAGUNE bezalako ekimenen bidez euskararen erabilera sustatzeko eta babesteko egiten duzuen ahalegina.

Ekitaldian parte hartzeko, adierazi mesedez zenbat lagun etorriko zareten eta zein txandatara, jende kopurua ondo kalkulatu ahal izateko.
Bereziki 3. txandan (12:30 – 14:00) eta arratsaldeko 4. txandan (16.30 – 18:00) egotera gonbidatzen zaituztegu, lehenengo bi txandak, bereziki, ikastetxe eta eskolako ikasleei zuzenduta baitaude.

Aurreko edizioetan legez, IV. Berbaguneak ere parte-hartze arrakastatsua izatea espero dugu.

Aldez aurretik eskerrik asko zuen interesagatik,
Azkuna Zentroan elkartuko garelakoan,
Agur bero bat,
Aitziber Olabarrieta
Berbagunearen koordinatzailea

berbagunea@gmail.com 

944 162 472 / 619 400 892

Argazkia: www.bizkaia.net

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina