ezeztatu

2016/04/11

Parkinson-en gaitza

Parkinson Gaitzaren Munduko Eguna ospatzen da apirilaren 11n, James Parkinson doktore britainiarraren jaiotze-eguna baita.

Parkinson-en gaixotasuna nerbio-sistema zentraleko gaixotasuna da, gaixotasun kronikoa, progresiboa eta ezgaitzailea, mugimenduaren nahi gabeko trastornoak eta muskulu-tonuaren alterazio orokorrak eragiten dituena. 65 urtetik gorakoen % 1-3ri erasaten die. Gaitzaren hasiera 50-60 urte bitartean gertatzen da, arraza guztiei erasaten die eta ez dago sexuen arteko alderik.

Zein dira arrazoiak?
Aurreneko kasua 1817. urtean deskribatu zuen J. Parkinson-ek, eta geroztik ia berrehun urte pasatu diren arren ere, oraindik ez dira arrazoiak erabat argitu. Hainbat teoria agertu izan dira gaitza azaltzeko: ingurumeneko faktoreak (neurotoxinak, esaterako), suszeptibilitate genetikoa, dopaminaren metabolismoko produktuak, etab. Gauza bakarra dago argi: neurona dopaminergikoen galera batengatik gertatzen dela.

Zer sentitzen du pazienteak?
Atsedeneko dardara, zurruntasuna, bradizinesia (mugimendu oso motelak, eta pauso txiki-txikiz osatutako ibilera, besoen batere mugimendurik gabe) eta jarrerazko ezegonkortasuna (enborra eta gorputz-adarrak tolestuta egoten dira, eta horrek erortzeko joera areagotzen du). Sintomak alde batekoak dira hasieran, baina azkenean gorputzaren bi aldeei erasaten die. Ager daiteke baita ere listua irensteko zailtasuna (eta horrek lerdea jariatzea eragiten du), hipotentsio posturala (tentsio arterialaren jaitsiera alegia, eserita edo etzanda egotetik zutik jartzerakoan), eta idorreria.

Erasan-mailaren arabera bost estadiotan sailkatzen dira pazienteak:

- I. estadioa: sintomak alde bakarrekoak dira.
- II. estadioa: bi aldeak daude erasanak.
- III. estadioa: aurrekoaz gainera, erreflexu posturalak galtzen dira, eta erorketak gertatzeko arriskua dago.
- IV. estadioa: aurreko sintomak areagotu egiten dira, eta eguneroko bizimoduko jarduerak egiteko zailtasunak dauzka pazienteak.
- V. estadioa: mugiezintasun handia, ibiltzeko ezintasuna, bizimodu osoa ohearen eta etzaulkiaren artean egiten da, eta mendekotasun izugarria du gaixoak.

Geroagoko konplikazioak dira depresioa eta dementzia. Gaitzaren fase oso aurreratuetan, gaixoa oso ezindua egoten da, eta laguntza behar du garbitzeko, janzteko, jateko, etab. Irensteko zailtasunak ere eduki ditzakete, eta janaria eztarrian trabatuta geratu: horrek azkenean aspirazioagatiko pneumoniak ekar ditzake.

Nola atzematen du medikuak Parkinson-en gaitza?
Hasierako faseetan Parkinson-en gaixotasunaren diagnostiko zehatza egitea zaila gerta daiteke, baita eskarmentu handiko medikuentzat ere, ez baitago proba berezi eta espezifikorik gaitz honentzat. Normalean gaixoaren zurruntasun edo dardaragatik diagnostikatzen da, sintoma horiek eragozpenak dakarzkiotelako pazienteari bere eguneroko bizimoduan, baina behaketa-aldi bat behar da gaixotasunaren eboluzioa ikusteko.

Beste parkinsonismo modu batzuk ere antzeko ezaugarriak, baina tratamendu arras diferenteak dituztenez, diagnostiko zehatza ahalik eta bizkorren egitea ezinbestekoa da pazientearen tratamendua botika egokiekin hasteko.

Nola trata daiteke gaitza?
Tratamendu farmakologikoa medikuak jarri eta kontrolatuko du beti, eta indibidualizatua izango da kasu guztietan, gaixoaren ezaugarrietara egokitua. Gaitza ez da sendatzen, baina medikazioaren bidez sintomak kontrola daitezke, eta gaixoak bizimodu erosoagoa izango du (apenas sintomarik gabe). Erabiltzen diren farmakoak hauek dira: levodopa, selegilina, dopaminaren agonistak, antikolinergikoak eta beste batzuk.

Levodoparen erabilerak aurrerapauso handia ekarri zuen gaixotasunaren tratamenduan. Substantzia hori dopaminaren aitzindaria da, eta bere ekintza dopaminaren galera edo eskasia konpontzen saiatzea da. Levodopak gaixotasunaren sintoma guztiak hobetzen dituenez, erabiltzen hasi zenetik erasandako pazienteen bizi-kalitatea nabarmen hobetu da. Hala ere, ez da beste botika batzuk bezain eraginkorra dardara eta posturaren alterazioak kontrolatzeko.

Gaixotasunaren eboluzioan zehar, gorabeherak ager daitezke mugikortasunean, eta gorabehera horiek L-dopa hartzearekin gutxi-asko lotuak egon daitezke. Asaldu motor ohikoena dosi-amaieraren narriadura esaten zaiona da (periodo-off). Gorabehera motor horiek ager daitezke dosia hartu eta 2-3 ordura, edo izan daitezke erratikoak, modu inkontrolatuan agertuz. Zergatik gertatzen diren oso ondo ez dakigun gertaera horiek tratatzeko, ekintza atzeratuko L-dopa ematea gomendatzen da, edo bestela dosien arteko tarteak murriztea.

Antikolinergikoek dardara eta zurruntasuna hobetzen dute eta gehiegizko listu-jarioa gutxitzen, baina ez dute hainbesteko eraginik mugimenduen baldartasunaren gain. Eragin antiparkinsonianoa duen beste substantzia bat amantadina da, hasiera batean antibiriko gisa erabilia, baina kasualitatez Parkinsonaren kontra eragina bazuela ikusi zenean, gaitz honen aurkako tratamenduan sartu zuten adituek.

Botikez gain, proteinen kopurua eguneroko jan-neurrian gutxitzeak ere lagun dezake tratamenduan. Interesgarria da, era berean, jarduera fisikoa sustatzea, eta eguneko zentro batean edo antzeko beste lekuren batean errehabilitazioa egitea gomendatzen da.

Botika horien erabilerak dakartzan albo-ondoriorik usuenak aho-lehortasuna, idorreria, ikusmen zirriborrotsua eta oroimenaren asalduak dira.

Erabiltzen al da kirurgia?
Kirurgia erabiltzea nahiko gauza ohikoa zen garai batean Parkinsona tratatzeko. Baina behin levodopa aurkitu eta gero, kirurgia kasu gutxi eta jakin batzuetara murriztua geratu da. Gaur egun ikerketa handi bat dago martxan erabakitzeko garuneko area zehatz batzuk kirurgikoki suntsitzeak zenbaterainoko balioa izan dezakeen: horretarako metodoak ekar ditzakeen abantailak edo suposa ditzakeen kalteak baloratu eta konparatu beharko dira.

Zein da gaitzaren eboluzioa?
Parkinsonak jota dauden paziente gehienetan, sintomak poliki-poliki progresiboak dira, eta horregatik urte luzetan gaitzak gaixoaren eguneroko bizimoduan egin dezakeen interferentzia oso txikia izango da, oharkabea ia. Parkinsona duten gaixo gehienek bizimodu independentea eta aktiboa eraman dezakete, gaitzak ezartzen dizkien muga guztien gainetik. Baina gaixotasunak aurrera egiten duen neurrian, pazientea gero eta ezinduagoa aurkitzen da. Behar bezala tratatutako Parkinson-en gaixotasunak, hala ere, ez du bizi-itxaropena laburtzen.

Sistema estrapiramidaleko patologiaren barruan, Parkinson-en gaitza da nagusia, baina badira beste gaixotasun batzuk ere, sintoma minimoak dituztenak, Parkinsonetik bereizi beharrekoak. Horien artean daude:

Paralisi supranuklear progresiboa. 45-75 urte artean agertzen da, bi aldiz usuagoa da gizonezkoetan emakumetan baino. Sintoma nagusiak oftalmoplejia, gorputz-adarretako zurruntasuna eta bradizinesia dira.
Gongoil-endekapen kortikobasala
* Endekapen estriato-nigrala (alegia, garunean kokatuak dauden gorputz zerrendatuaren eta gai beltzaren degenerazioa)
Distoniak
Trastorno parkinsonianoak, botika edo farmakoek eragindakoak

Zenbait kasutan, gaixoaren sintomek gaitz horien irizpideak betetzen ez dituztenean, sintomatologia estrapiramidalaz hitz egiten da, patologia ezin baita inolako kategoriatan tipifikatu, ez Parkinson bezala, ezta bestelako koadro horien barruan ere.

Jabier Agirre, UZEI

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina