Euskara modu berezituagoan eskatuko da administrazioan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan
«Eskakizun asimetrikoak» izango dira, Jaurlaritza prestatzen ari den dekretuaren arabera. Euskara eskakizun izango ez duten lanpostuen proportzioa orain arteko bera izango da
Honela dio hizkuntza eskakizunen ataleko 27. artikuluko bigarren puntuak: «Lanpostuetako hizkuntza eskakizunak esleitzeko, lanpostu horien funtzioak aztertzeaz gain, kontuan hartuko dira herritarrekin, erakundearen barruan eta beste erakunde batzuekin dauzkaten ahozko eta idatzizko harreman komunikatiboak; horretarako, behar den komunikazio-azterketa egingo du erakunde bakoitzak».
Lanpostu bakoitzaren ezaugarrietan adierazi beharko da lan hori egingo dutenek herritarrekiko harremanik izango duten, eta harreman hori nolakoa izango den: ahozkoa, idatzizkoa edo mota bietakoa. Ahozkoa ohikoa den lanpostuetarako, eskatuko den gutxienekoa mintzameneko B2 maila izango da. Zenbait kasutan, ahozkoan eta idatzizkoan gaitasun desberdina izan ahalko dute hautagaiek.
Lege dekretuak aurreikusten ditu zenbait egoera, zeinetan derrigortasun data geroratuko litzatekeen. Esaterako, hala gertatuko da lanpostu bati derrigortasun data ezarri eta bertan jarduten duen langileak lanpostu horri dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatua ez badu. Kasu horretan, tarte bat emango zaio langileari, postu horri dagokion euskara maila eskuratzeko.
Horrez gain, bada beste aukera bat zeinean posible den derrigortasun data duen lanpostu batean hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe duen langileren bat egotea. Lanpostuari dagokion eskakizuna egiaztatu duen hautagairik ez dagoenean gertatuko da, salbuespen gisa.
Artikulua osorik irakurri nahi baduzu, jo hona.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina