(…) Hasteko, funtsezko ideietan kontrako amorratuak bazarete, alferrik ariko
zara argudiorik burutsuenak asmatzen: sekula ez duzu aurkaria
konbentzituko, eta are okerrago, ulertu ere ez zaitu egingo (edo zuk bera),
oinarri desberdinetatik abiatzen zaretelako, partekatutako esperientziarik eta
koderik ere ez daukazuelako (hori gertatu ohi da, oso maiz, erdaldunekin
euskarari buruz aritzen garenean).
Jarraitzeko, ez hasi liskarrean fanatiko burubero batekin:
munduko arrazoi guztia bazenu ere, adibideak bata bestearen atzetik eskaini
arren, sekula ez du amore emango eta bereari eutsiko dio beti, temati. Antzeko
zerbait esan liteke eztabaidakidea pertsona
maltzur eta gaiztoa denean: hark ez du zure burubideak entzuteko interesik,
haiek desitxuratzeko ez bada; eztabaidan jarduteko modu bakarra zu ere bera
bezain alua eta makurra bihurtzea da, baina hori al zen benetan nahi zenuena?
Aurreko zerrenda osatzeko, ergel batekin
eztabaidatzea benetan ariketa nekagarria da, zuk argudio argiak
garatu arren, berak ilunpe lauso batean baitauka bere garuna, eta ezin ikusi
zuk esan nahi diozuna. Ez du harrapatzen ironiarik, ez esanahi
bikoitzik, eta haren gainetik gailenduko bazina ere, nobleziarik gabeko
garaipena izango litzateke, ezer irakatsiko ez dizuna. Zu
baino askoz azkarrago den batekin ere, hobe ez sartzea, kontrako
arrazoiengatik. Egoskor setati batekin eztabaidatzea ere gogaikarria izaten
da, zure arrazoiketari erreparatu gabe bereari bakarrik begiratzen
baitio, nahi ezta ere.
Esandako guztiak esanda, eztabaida mamitsua eta aberasgarria
izango bada, zure oinarri kultural bertsuak konpartitu behar ditu lehiakideak,
eta funtsezko auzietan iritzia konpartitu; ez du izan behar fanatikoa, ezta ere
asmo gaiztoko gizatxarra; hobe da inteligentzia eta kultura maila aldetik zure paretsu
baldin badabil, eta horrez gain etorkorra izan behar du, besteak arrazoia
baldin badu eman egingo diona. Noski, alferrik da besteari baldintza hauek
guztiak eskatzea, zuk zeuk betetzen ez badituzu.
Eta, pentsatzen jarrita, biak holakoak baldin bazarete, zertan hasiko
zarete eztabaidan? Ez al duzue hobe elkarrekin zerbeza bat hartzea, bizitzako
gauza ederrez solastatzen zareten bitartean?
Horrela, gainera, errazago iritsiko zarete zahartzarora osasun betean.
Xabier Mendiguren Elizegi – Berria (moldatua)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina