ezeztatu

2015/04/16

KALORIAK: BALANTZA ENERGETIKOA

Kaloriak: balantza energetikoa

 Ariketa fisikoak lagundu egiten du balantza energetikoa orekatzen, baina horrek ez du esan nahi neurririk gabe jan dezakegunik
Kaloriek zalantza asko sortzen dizkiete elikadurarekin eta pisuarekin kezkatuta ibiltzen direnei. Dietisten-nutrizionisten kontsultetan, askotan galdetzen du jendeak elikagai bakoitzak zenbat kaloria dituen, zer ariketa komeni den horiek erretzeko edo ariketa fisiko pixka batekin orekatu ote daitekeen janariarekin egindako gehiegikeria bat. Galdera horien guztien erantzuna beste galdera batzuetan dago: nola funtzionatzen du eguneko kaloria gastuak? Zenbat kaloria erretzen dira jarduera jakin batzuk egitean? Hori jakin behar da lehenbizi. Kaloria gastua zera da: pertsona batek egun batean gastatzen dituen kaloriak. Honako hauek dira eguneko kaloria gastuaren osagai nagusiak: energia gastu basala eta jarduera fisikoari dagokion kaloria gastua.
Energia gastu basala: gorputzaren funtsezko jarduerak egiteko behar den energia da, besteak beste arnasa hartzeko, odol zirkulazioa bermatzeko eta oinarrizko prozesu metabolikoak segurtatu eta organismoak egoki funtzionatzeko. Badira formulak pertsonen energia gastu basala kalkulatzeko; adibidez, Harris-Benedict-en formula.
Jarduera fisikoa eta ariketa: energia gastu bat dakarren edozein gorputz mugimendu hartzen da jarduera fisikotzat. Jarduera planifikatua, egituratua eta errepikatua da jarduera fisikoa, gaitasun fisikoaren osagai bat edo batzuk hobetzeko edo mantentzeko egiten dena. Kirola, berriz, aurrez ezarritako arau batzuei jarraituz egiten da. Energia gastu guztiaren zati handi bat hartzen dute jarduera fisikoak eta ariketak, eta eguneroko kaloria gastuari dagokionez, ez du beti garrantzi bera hartzen: jarduera fisiko apala duten pertsonetan, adibidez, oso txikia izango da gastua, eta jarduera asko egiten dutenengan, berriz, gastu handia; adibidez, eliteko kirolariengan.
  Jarduera fisikoan dago kaloria gastua
Ariketa fisikoak lagundu egiten du energia balantzea orekatzen, hau da, kontsumitzen diren kalorien (kaloria sarreren) eta gastatzen edo erretzen diren kalorien (kaloria irteeren) arteko aldea berdintzen. Horrek ez du esan nahi, ordea, neurri gabe jan dezakegula eta hori gero ariketarekin orekatu. Kaloria gastua aldatu egin daiteke pertsonaren arabera eta ariketa fisikoaren bizitasunaren arabera.
 Jaten den guztia ez da erraz orekatzen edozein ariketa edo jarduera eginda. Hortaz, janariarekin egindako gehiegikeriak arintzeko, beti ez da nahikoa ordu erdiz oinez ibiltzea edo astean behin gimnasiora joatea. Gainera, garbi eduki behar da ez dela gauza bera elikagai bat edo bestea jatea, nahiz eta kaloria kantitate bera eduki. Gantz edo azukre ugari dituzten elikagai batzuen kaloriak orekatzeko modua badago ariketa fisikoarekin, baina ez gantz eta azukre gehiegi hartzeak organismoaren gain duen eragina, hori orekatzerik ez dago. Opil industrialekin, irabiakiekin eta edari azukretsuekin gehiegikeriak eginez gero, eta berdin gantz saturatu ugariko elikagaiekin ere, osagai horiek gorputzaren gain duten eragina jasan beharko du organismoak (gizentasun arrisku handiagoa, diabetesa, bihotz-hodietako gaixotasuna...).
Gomendioa
 Ameriketako Estatu Batuetako Osasun Sailak gomendio hau ematen die helduei: astean gutxienez 2 ordu eta 30 minutuko jarduera aerobikoa egitea bizi samar (edo 30 minutukoa astean 5 egunez). Gainera, egunero 60 minutuko ariketa fisiko bizia egiteak lagundu egiten du pisu igoera graduala saihesten. Haurrentzat ere gomendatzen du ariketa fisikoa, 60 minutukoa egunik gehienetan (denbora horren zati bat eskolako jarduerak har dezake, gorputz heziketan egiten dutenak). Laburbilduz: kaloria gastua areagotzen duten jarduerak egunero egin behar lirateke edo, gutxienez, asteko egunik gehienetan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina