Kontuz iruzurgileek Interneten jarritako amuekin
Asierrek bere bankuaren e-posta jaso du. Azken asteetan jaso duen hirugarrena da jada. Aurreko bietan, bankuko hainbat eskaintzen berri eman diote eta eskaintzak zehaztasun handiagoz ikusteko bankuko web orrialdera bidali dute. Asierrek begiratu bat eman die eskaintzei. Oraingoan, ordea, mezu larriagoa bidali dio bankuak: “X Bankuko web-orrialdean sartu berri dira eta zure datuak aldatu dituztela uste dugu. Egiaztatu ditzagun, mesedez, ondorengo helbide honetan klikatu eta norbait sartu ote den baieztatu”. Asierrek klik egin du emandako helbidean eta itxuraz honek bere bankuaren web- orrialdera eraman du. Web-orrialdean, bere kode ezkutua eta gainerako datuak sartu ditu, kontu guztiak behar bezala dituen jakiteko.
Eta jaso duen erantzuna hauxe izan da: «Ezin izan da zure eskaera gauzatu. Zerbitzua ez dago erabilgarri. Beranduago saiatu. Barkatu eragozpenak». Azken mezu horren benetako esanahia, ordea, bestelakoa da, beldurgarriagoa: iruzurgileak baditu nahi zituen datu guztiak eta horietaz baliatuz dirua eskuratu ahal izango du Asierren bankutik. Izan ere, klikatutako helbideak bere bankuarena dirudien arren, ez da hala; eta web-orrialdeak bankuarena badirudi ere, faltsua da.
Halako kasuen aurrean, oinarrizko araua argia da: ez eman inoiz datu pertsonalik web-orrialde batean, bertara zuk zeuk idatzitako helbide elektronikoaren bidez iritsi ez bazara -hots, «hemen klikatu» horiek arriskutsuak izan daitezke-. Bankuaren promozio handiren bat, egiaztapen arrunt bat edo arazo teknikoak iragartzen dituzten mezuak ere internauta engainatzeko aitzakia izan daitezke. Halaber, iruzurgileak bere harrapakinaren profila egin ohi du: hasieran, esaterako, mezua 100.000 erabiltzaileri bidaliko die, gomendio edo eskaintza faltsuren bat eginez eta kasu egiten dietenekin jarraituko du lanean. Azkenerako, agian berrogeiren konfiantza baino ez du bereganatuko eta datu pertsonalak eskatzen dituen e-posta horiei baino ez die bidaliko. Amua irensten badute, lan arrakastatsua izango da iruzurgilearentzat.
www.argia.eus web ataritik hartua. Testu moldatua.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina