KULTURAREN PLAZA BIHURTU DEN AZOKA
Lagunarteko afari batean sortu zen Gerediaga elkartea,
1965ean. Eta urte berean egin zuten Durangoko Lehen Liburu eta Disko Azoka.
Eskualdeko kultur ondarea berreskuratzea helburu zuen azoka hura Euskal Herriko
kulturaren plaza bihurtu da 50 urtean. Ibilbide horren pasadizo batzuk bildu
ditu Bizkaiko HITZA-k.
- LEHEN SORPRESA (1965)
Frankismo
betea, zentsura, ikastolen mugimenduen hasiera, langile borroka… Testuinguru
horretan sortu zen Gerediaga elkartea, 1965eko ekainean, eskualdeko ondare
historiko eta kulturala berreskuratzeko helburuarekin. Handik gutxira antolatu
zuten lehen Liburu eta Disko Azoka, urriaren 30etik azaroaren 1era bitarte.
Euskaraz idatzitako lanak eta euskal gaiak zituztenak zabaltzeko hemazortzi
stand jarri zituzten Andra Mari elizako aterpean.
- ELIZPEKO PLAZA (1966)
Bizkaiko
Bertsolari Txapelketa jaso zuen azokaren bigarren aldiak, eta Ez dok
amairumugimendu sortu berriak emanaldia egin zuen. Eztabaida sortu zuen
horrek Gerediagan, kultur egitaraua indartzeak liburu eta diskoak bigarren
planoan geratzeko arriskua ekar zezakeelako. Baina ez zen hori hirugarren azoka
antolatzeko oztopo izan, toki falta baizik. Eliza ataria berreraikitzeko lanak
zirela eta, 1967an ez zen azokarik egin. Sendotuta zegoen hala ere Durangoko
zita, urtebeteko geldialdiak ez baitzuen 1968koan eragin.
- EUSKARA HUTSEAN (1971)
Zentsura
saihesteko, euskara eta gaztelaniazko kartelen bidez iragartzen zen azoka 1971
arte. Urte horretan egin zen euskara hutsezko lehena. Garrantzi berezia hartu
dute azoka iragartzeko kartelek. Durangoko artistek egiten zituzten lehenik,
eta lehiaketa bidez aukeratzen ziren geroago. Azken urteetan Euskal Herriko
artistek egin dituzte. Jose Luis Zumetak egin du aurtengoa.
- MERKATU PLAZARA (1974)
Azokaren
arrakasta ez zen denen gustukoa, eta zatiketa eragin zuen Francoren aldeko
agintarien artean ere. Bizkaiko gobernadore zibila azoka debekatzen saiatu zen,
baina turismoko lehendakariak babesa eman zion. Horra erregimenaren
irekitasunaren aldekoen eta zurruntasunaren aldekoen talkaren adibidea.
Erlijioa aitzakia hartuta, Andra Mari Elizpean egitea galarazi zieten
antolatzaileei 1974an. Hori horrela, Merkatu plazan egin zuten azoka. Eta
1996ra bitarte aterpea eman zion gune horrek azokari, harik eta aretoa txiki
geratu zen arte.
5. GAZTEAK
(1975)
Kasetearen
iraultza, ehun nobedade, eta Merkatu plaza, gero eta beteago. Liburu eta disko
azoka gorantz, eta gizartean, txapelokerrak. Giro politiko nahasian egin zen
1975ekoa. Azoka baino 35 egun lehenago fusilatu zituzten Juan Paredes
Manot Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak. Eta hilzorian
zegoen Franco. Testuinguru nahasi horretan “normaltasun” irudia emateko, azoka
bisitatu zuen Ignacio Garcia Bizkaiko gobernadore zibilak. Gogoan dute ordukoa
standetan egon zirenek ere, ez baitzituen hartutako liburuak ordaindu.
- ALDAKETAK (1980)
Franco,
hilda. Hauteskundeak eta aldaketak erakundeetan. Eta Gerediaga elkartea krisi
betean, sorrerako kide asko bestelako eremuetan murgilduta baitzeuden.
Eraldaketa abiatu zuten horregatik, eta Jon Irazabal liberatu zuen elkarteak
azokaren koordinazioa egiteko. Argitaletxe eta diskografiak ugarituz joan ziren
80ko hamarkadan. Elkar eta Hordagoren sorrera dira horren adibide. Ordura arte
debekatutako gaien inguruan idazten hasi ziren asko. Egutegian ere aldaketak
izan zituen azokak. Azaroaren 1eko jaieguna kendu zuen Adolfo Suarezen garaiko
Espainiako Gobernuko presidenteak, eta abenduaren 8ko jaiegunera pasatu zuten
azoka horregatik.
- GAZTEAK BILDU (1982)
Haur eta
gazteak azokan biltzea izan zen Gerediagaren kezketako bat. Eta, hori
bermatzeko, ikasle eta irakasleen eguna antolatu zuten 1982an estreinakoz,
transmisio kulturala bermatzeko. Ordutik, Euskal Herriko ikastetxeen eguna
gordetzen du urtero Durangoko Azokak.
- ATERPEA TXIKI (1985)
Musika
euskarri berrien iraultza, CDak, teknologia berrien garapena… Txiki geratzen
hasi zen Merkatu plaza gero eta gauza gehiago biltzen zituen azokarentzat, eta
Andra Mariko elizpera eraman zuen musikarien txokoa 1985ean. Elkartzeko gunea
bihurtu zen Durango abenduko azoka egunetan. Euskal Editoreen Elkartea eta
Durangoko Euskal Idazleen Elkartea aurkeztu ziren urte horietan, besteak beste.
- OSPAKIZUN URTEA (1992)
Berezia izan
zen 1992. urtea, azoka egunetan kaleratu baitzen euskara hutsezko Euskaldunon
Egunaria-ren lehen zenbakia, abenduaren 6an. Azokaren mende laurdenaren
ospakizun gisa sortu zen Egunkaria, eta haren sorreraren 25.
urteurrena da aurtengoa. Dokumental bat eskainiko dute azokan, horregatik.
Baina Egunkaria-ren sorrera ez zen 1992ko berrikuntza bakarra izan.
Urte berean, emakume batek egin zuen azokako inaugurazioaren hitzartzea,
estreinakoz. Enrriet Airrek, zehazki.
- ARGIZAIOLA SARIA (1992)
Garai
ilunetan argia ekarri zuten horiek omentzeko Argizaiola saria eman zioten Jon
Bilbao ikerlari eta idazleari estreinakoz 1992an. Ordutik, urtero banatu du
saria Durangoko Azokak. Azokaren sortzaileek jasoko dute aurten.
- KARPA (1996)
Espazio
arazoak izan zituen azokak bere ibilbidean zehar. Gero eta jende gehiago
biltzen zen, eta horrekin batera hazten zen eskaintza ere. Bai kulturala, eta
baita euskarriena ere. Teknologia berriak tokia hartzen hasi ziren liburu eta
diskoen plazan. Eta 1996an 3.000 metro koadroko karpan egin zen ekitaldia, Durangoko
probaleku zaharrean. Karpa horrek eman zion aterpe 1997tik 2003ra bitarte.
- LANDAKO (2003)
Azoka gunea
eraikitzeko egitasmoa abian jarri zuen Durangoko Udalak 2000. urtean, eta
2003an inauguratu zen 3.750 metro karratuko Landako erakustazoka. Bestelako
aukerak ematen zituen eraikinak, eta egitaraua zabaltzeko bidea ere eman du.
2006an munduko hizkuntza gutxituen esperientziak ezagutzeko herrialdeak
gonbidatzen hasi zen azoka urtero. Finlandiarrak, katalanak, kurduak eta
okzitaniarrak izan dira, askoren artean, Durangon. Aurten ez da herrialde
gonbidaturik egongo, ordea. Barrura begira jarri dira antolatzaileak 50.
urteurrenean, eta Euskal Herria bera bihurtuko dute gonbidatu.
- AHOTSENEA (2008)
Liburuak eta
diskoak zeuden lekuan liburuak eta diskoak sortzen dituztenei ere leku bat
eskaintzea pentsatu zen 2008an. Sortzaile eta hartzaileen arteko harremana
indartzeko,Ahotsenea gunea jarri zen estreinakoz. Izan zuen
arrakastak errotu egin du gunea. Aurten, 120 emanaldi bilduko ditu Ahotseneak.
14-15. GUNE
BERRIAK (2011)
Gutxira
sortu ziren bestelako eremuetako sortzaile eta hartzaileen arteko harremana
estutzeko guneak: zinema oinarri duen Irudienea;
antzerkirako, Szenato-kia; Kabi@, teknologia berrien
saretzerako; eta haurrentzako Saguganbara, besteak beste. Gune
berri horien eraketarekin, Durangoko Liburu eta Disko Azoka zena Durangoko
Azoka bihurtu da, euskal kulturaren plaza, alegia.
16. GOGOETEI
TOKI (2014)
Euskal
kulturaren eztabaida askoren testigua izan da Durangoko Azoka urte luzez.
Solasaldi horiek guztiak korridoreetatik gune ofizial batera eramatea izan da
azokaren azken lana. Iaz estreinakoz egin zen Gogoetaren plaza deiturikoa.
Jakin aldizkariarekin elkarlanean antolatu dute aurtengoan gogoeta gunea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina