Lapurretak
Donostiako denda batean, honako hau dioen txartela jarri dute —gazteleraz— erakusleihoan: «Lapurretara bazatoz, zure argazki polit bat argitaratuko dugu gure sare sozialetan. Grabatzen ari gara». Pandemiaren aurkako neurriak arindu direnetik izugarri igo omen da lapurreta kopurua. Eta dendari horrek mehatxuaren bidea hartu du. Tximetaraino dago nonbait lapurretez. Eta harriturik, kameren bidez lapurretan harrapatu dituztenen ezaugarriez: betiko bezeroak, ustez konfiantzazkoak, 50 urtetik gorakoak, emakumeak gehienak... Denda txikia da mehatxu-txartela jarri duena. Erakusleihoan grabaturik, «Denda txikietan erosteak handi egiten zaitu» irakur daiteke...
Sare sozialek ez dute mugarik. Borroka bat sor daiteke, amaierarik gabea. Imajina dezaket bezero bat, bere argazkia sare sozialetan ikusi duena, mendekua hartuz, eta dendaren argazkia ipiniz, honako leloarekin: «Zure prezioen handiak txiki-txiki egingo zaitu».
Ez dakit nik zer den legezko eta zer ez. Zer den bidezko eta zer ez. Horrelakoetan, oroimenak atzera egiten dit, eta gogora ekartzen, duela hogeiren bat urte edo, Donostia inguruan, errepide baten ertzeko baratza bazterrean zegoen txartel hura: «Ez lapurtu, mesedez». Nola lapurtuko diozu ba, xalotasun horrekin eskatzen dizunari!
Andoni Egaña
Berria, 2021eko azaroak 11
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina