ezeztatu

2022/05/18

ARTIKULUA: EUSKARALDIA

 Ariguneak izango ditu protagonista aurtengo Euskaraldiak

Belarriprest eta ahobiziekin batera, ariguneak izango dira aurtengo Euskaraldiko protagonistak. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute ariketa sozialaren hirugarren aldia, Hitzez ekiteko garaia lelopean, eta gaur zabaldu dute entitateek bertan parte hartzeko epea. Izan ere, 2020an bezala, entitateek parte hartu ahal izango dute ariguneak sortuz eta euskaraz «lasai» aritzeko guneak bermatuz. Ariguneak areagotzea da, hain zuzen ere, antolatzaileen helburua, eta, horregatik, izena emateko proposamena luzatu diete enpresa, erakunde, elkarte, fundazio, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei. Gaineratu dute aurten izen-emate prozesua «erraztu» dutela.


  Jakinarazi dutenez, herritar norbanakoek irailaren 28tik aurrera izango dute ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko aukera. Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailearen arabera, aurtengoa edizio «garrantzitsua» izango da, herritarrek kalea hartzeko, gizarte aktibazioa areagotzeko eta euskararen erabilera zabaltzeko aukera izango dutelako. Horregatik, azaldu du ekimenean parte hartzen duten belarriprest, ahobizi zein entitateei hizkuntza ohituretan eragiteko tresnak eskaintzea izango dela aurtengo «lehentasunetako bat».

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina