“Euskara Ibiltaria” erakusketa zabalik da Bilboko Zabalgune eraikinean
Euskararen euskalki eta hizkera desberdinak ezagutzera ematea xede duen “Euskara ibiltaria” erakusketa zabaldu da gaur, maiatzaren 3an, Bilboko Zabalgune eraikinean. Erakusketak Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoa du oinarri eta eta Euskaltzaindiak, Bilboko Udalak eta Laboral Kutxak antolatu dute. Maiatzaren 27ra bitartean zabalik egongo da. Ekitaldi berean Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren VII. liburukia aurkeztu du Euskaltzaindiak. Andres Urrutia euskaltzainburuak esan duenez, "hau guztia gure ondarea zabaltzeko auzolanaren emaitza da."
Gaur goizean egin den ekitaldian, erakusketa antolatu duten hiru erakundeotako ordezkariek parte hartu dute: Bilboko Udalaren izenean, Juan Mari Aburto alkateak; Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Adolfo Arejita EHHAren zuzendari akademikoak; eta Laboral Kutxarenean, Julio Gallastegi zuzendari nagusiak. Eurekin batera, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordea eta Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria ere bertan izan dira. Dorleta Alberdi euskaltzain urgazle eta kazetariak aurkezpen lanak egin ditu.
Bestalde, hainbat komunikabide erakusketaren babesle diren heinean, horien ordezkariak ere ekitaldian izan dira: Berria, Bizkaia Irratia, Deia, EiTB,El Correo, Gara, Onda Vasca eta SER (Radio Bilbao) dira komunikabide horiek.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina