ezeztatu

2016/05/19

LEZAMARA HELDU DIRA ALDUNDIKO EGOITZETAKO OROITZAPEN-TAILLERRAK


Gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten adineko batzuek, foru-egoitzen sarean ezarritako tratamendu berritzaile honetan parte hartzen dutenek, goiz berezia eman dute Athleticeko lehen taldeko jokalariekin.

Oroitzapen tailerrak Lezaman  

Oroitzapen-tailerretan parte hartzen duten adinekoek oso goiz hunkigarria eman dute Athletic Clubek Lezaman dituen instalazioak ezagutzeko bisitan. Tailerrok Leioa, Gallarta eta Elorrio egoitza publikoetan ezarri dira, bai eta foru-sarekoa den baina Aita Mennik kudeatzen duen Txurdinagabarri egoitza-zentroan ere. Ehun bat parte-hartzaile eta haien senideak joan dira lehen taldeko entrenamendua ikustera, zeina Ernesto Valverdek zuzendu baitu. Lezamako saioan, tailerreko parte-hartzaileek beren oroitzapenak piztu ahal izan dituzte, instalazio zuri-gorrietako ikurrak ikustean: San Mameseko arkua eta Athleticen historiako mito diren Piru Gainza eta Telmo Zarraonaindiaren bustoak, besteak beste. «Lehoien» entrenamenduaren azken zatia ikusi ondoren, eta gonbidatzaile aritu den José Ángel Iribarrek lagunduta —Athletic Club taldeko jokalari ohien elkarteko presidente gisa—, Athletic Clubeko plantillako jokalari batzuekin bildu dira oroitzapen-tailerreko partaideak eta haien senideak.

Proiektu berritzailea Bizkaian
Bizkaiko Foru Aldundiak oroitzapen-tailerrak jarri ditu abian adinekoentzako egoitza publikoetan. Proiektu hori futbolari ohien elkarteen Espainiako Federazioak garatu du. Foru Erakundeak, berriz, egokitu egin du kontrastatutako emaitzak dituen tratamendu berritzaile hau, zeinaren funtsa iraganeko bizipenak gogoratzea baita. Kasu honetan, Athletic eta futbola erabili dira gogoratzeko tresna gisa. Esku-hartze mota hau oso bestelakoa da, beste batzuen aldean, eta oso jarrera positiboa eragiten du adinekoen artean, batez ere, dementzia motaren bat dutenen artean. Tailerra astean behin egin da zentroetako bakoitzean, narriadura kognitiboa edo dementzia arin edo moderatuak dituzten 8-9 pazienterekin. Guztira, 12 saio egin dira, eta saio horietan parte-hartzaileen zentzumenak landu dira, objektuak, musika, bideoak eta argazkiak erabiliz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina