ezeztatu

2016/05/16

Maiatzaren 13ko saioa


Ostiraleko saioan hiru bileretan aipatutakoak zuzendu, egokitu edo euskaratu genituen. Horretaz gain, iraupena eta maiztasuna nola adierazi euskaraz  azaldu nien.

NOLA ADIERAZI IRAUPENA ETA MAIZTASUNA EUSKARAZ?

IRAUPENA

Absolutiboaz (NOR) eta instrumentalaz (ZEREZ) gainera inesiboan (NON) erabiltzen da maiz iraupena adierazteko.

Jonas hiru egunez izan zen balearen erraietan…
Jonas balearen sabelean hiru egun eta hiru gau izan zen…
Erroman bi urtean egon zen…

Instrumentalean eta absolutiboan iraupena mugagabearen bidez ematen da aditzera.
Inesiboaren kasuan, mugagabea erabiltzea zilegi da baina mugatu singularra erabiltzea hobesten da honako kasu honetan: denbora etengabeko unitate bakar gisa hartzen denean, hots, prozesu edo gertaera baten iraupena adierazten denean.

         Hiru astean asko hazi da haurra
            Hiru urtean ikasi du euskara
            Lau urtean lan egin du Afrikan

Iraupenik adierazten ez denean, mugagabeak ohiko lekua izango du. Hiru urteko iraupena adierazi beharrean hiru urte desberdinetan gertatu den zerbait adierazi nahi bada, mugagabea beharko da:

         Lau urtetan antolatu dute danborrada


MAIZTASUNA

Maiztasuna adierazteko honako eredu hauek guztiak ditugu

            Lau urtean behin elkartzen dira senitartekoak.
            Lau urterik behin elkartzen dira senitartekoak.
            Lau urtetik lau urtera elkartzen dira senitartekoak.
            Lau urtez behin elkartzen dira senitartekoak.
           
Lau urtetarik behin elkartzen dira senitartekoak.

Maiztasuna adierazteko beste egitura bat [izena + -ero] esamoldea dago:

            [Astero, hilero, ordu laurdenero]etortzen da.

Baina bada hedatuxea den egitura bat, ez euskal literaturan ez eta ahozko erabileran ere inongo tradiziorik ez duena eta, beraz, gaitzestekoa dena: [zenbatzailea + izena + -ero]

         * Bi urtero egiten dute bilera batzordekoek.
            * Hamabost egunero etortzen dira bisitan.

Hamabostero onartzekoa da, hamabostean behin nahiz hamabosterik behin-en parean.

Aste ona izan!!!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina