ezeztatu

2020/06/10

KONFINAMENDUA ARINTZEKO 3 FASEA III

EUSKARAZ EZ DA EGOKIA (XXXVII)

ERE LOKAILUA
ERABILERA.
1. Nik gaur bizikleta ekarri dut.
2. Nik ere gaur bizikleta ekarri dut.
3. Nik gaur ere bizikleta ekarri dut.
4. Nik gaur bizikleta ere ekarri dut.
5. Nik gaur bizikleta ekarri ere (egin) dut.
6. *Nik gaur bizikleta ekarri dut ere.
Esaldi bakoitzean —(2), (3), (4), (5)— informazio berri bat dagoela. Horren segidan jarri ohi da ere lokailua.
a) Erek aurretik osagai bat behar du beti, hark dakarren informazio berria nabarmentzen baitu. Ahoskatu ere harekin batera ahoskatzen da. Beraz, ez da inoiz perpausaren hasieran jartzen.
*Ere joan gaitezke hondartzara (> Hondartzara ere joan gaitezke).
*Ere (bai) esan behar da (> Esan behar da era berean...).
b) Lokailuak biltzen duen sintagma hartu behar da kontuan:
—Guk goian afalduko dugu. Eta zuek?
*—Ere (> —Guk ere bai / —Guk ere goian).
c) Erabilera ohikoenean, ere ez da jarri ohi aditz jokatu baten ondoren: Mikel ere etorri da / ▼Mikel etorri da ere.
d) Aditza ezabatzen denean, bai edo ez behar du esaldiak:
—Ogia nahi al duzu?
Bai, eta txokolatea ere bai. (*—Bai, eta txokolatea ere).
Bai, (eta) baita txokolatea ere.
Baina aditza eta bai batera erabiltzea ez da zuzena:
*—Bai, eta txokolatea ere bai nahi dut. (> —Bai, eta txokolatea ere bai).
Honako hauek dira ohiko akatsak:
*Ekarriko du baita ere amak (> Amak ere ekarriko du).
*Mendian ibiliko da baita ere (> Mendian ere ibiliko da).
*Nik ere dakit (> Nik ere BAdakit).
*Ni ere noa hondartzara (> Ni ere BAnoa hondartzara).
Badira ereren funtzioa bete baina, hura ez bezala, informazio berriaren segidan joan beharrik ez duten beste lokailu batzuk: halaber, orobat, berebat, era berean...

HAUSNARTZEKOA


LEHIAKETA
Kontatzera noana ipuin hutsa iruditzen bazaizue, on egin…
Astoek lehiaketa bat antolatu zuten ea animalien artean zeinek hobeto kantatu.
Eta edonolako animaliak heldu ziren, munduaren edonongo bazterretatik lehiaketan parte hartzeko; aurkeztu gabeko bakarrenetakoa unikornioa izan zen, lotsatia delako. Astoek osatu zuten epaimahaia, eta lehiaketa hasi zen:
Zakurrak zaunka egin zuen.
Ahuntzak bekereke.
Lehoiak bere marru bortitza bota zuen.
Oilarrak kukurruku.
Otsoak ulubika egin zuen.
Behiak marru.
Igelak krokro.
Igel eta apo zirudien batek klukots egin zuen.
Beleak karraka.
Katuak miauka egin zuen.
Eta zisne zuria bera ere aurkeztu omen zen han bertan bere azken kantua emateko.
Epaimahaiko partaideek, gogaitu samar, serio, lehiaketa saririk gabe uztea erabakitzera beharturik dagoenaren begiratua zuten, harik eta astoaren arrantza entzun zen arte.
“Hau bai hau!” esan zuten.
“Hau bai hau kantuaren ederra!”
Eta saria astoari eman zioten.
Han izanik hona naiz
Joseba Sarrionaindia



Bizitzak baditu bere itzalak eta ilunpeak, 
baina baita argia ere, 
eta azken honi eutsi behar zaio beti.

PILULA GUZTIAK IKUSTEKO klikatu hemen



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina