Telefono haritik ari garela
Telefonoa ezinbesteko tresna bihurtu zaigu gure lanean, gero eta gehiago erabiltzen dugu, bai informazioa eskatzeko, bai eskatutako informazioa emateko. Artikulu honen helburua ez da inolako araurik ematea, telefonoz hitz egiterakoan kontuan hartu beharreko nondik-norako edo joera batzuk azaltzea baizik, eta bide batez, gaztelaniaren eraginez-edo euskaraz egiten diren akats batzuk azaltzea.
Hemen jasoko ditugun esamoldeak ere ez dira hitzez hitz jarraitu beharrekoak, gogoratu monotonia ere aspergarria dela, eta azken batean bakoitzaren esku gelditzen dela, egoeraren arabera, modu batera edo bestera jokatzea.
HASIERAKO AGURRA
Gutako gehienok, telefonoak jotzen duenean, bai, edo bai, esan erantzuteko ohitura daukagu. Horrela, sarri askotan, deitu duenak galderaren bat egin behar izaten du, telefonoaren bestaldean duena berari interesatzen zaiona den edo ez jakiteko.
HASIERAKO AGURRAK |
*Badago Koldo? (Oker) *Hortik al dabil Koldo? (Oker) Hor al dago Koldo? (Zuzen) Koldo hor dago? (Zuzen) |
Zentralita eta horrelakoetan, deitzen duenak galdezka ibili behar ez izateko, eta erakundearen nortasuna indartzeko edo agerian uzteko, erakundea identifikatzea komeni da telefonoa hartzerakoan. Deitzaileari nora deitu duen egiaztatzeaz gain, herritarrak edo bezeroak harremana pertsonalagoa dela sentitzeko ere balio du. Deitu duenak zuzenean jakingo du norekin hitz egiten ari den. Agurra ere garrantzitsua da horrelakoetan, egun on edo horrelako agurren batekin harremanak pertsonalizatzeaz gain, hurbiltasuna lortu eta jarrera positiboa ere adierazten diogu herritarrari.
HASIERAKO AGURRAK |
Zerbitzu Orokorrak, bai, esan. Zerbitzu Orokorrak, egun on (arratsalde on, gabon,...). |
Batzuetan, eta lanpostuak edo lanpostuko betebeharrak hala eskatuz gero, komeni da telefonoa hartzen duenaren izena ere esatea.
HASIERAKO AGURRAK |
Zerbitzu Orokorretako Begoña Beitia; egun on. Zerbitzu Orokorrak. Begoña Beitia naiz; egun on (Begoña Beitiarekin ari zara). |
Gure lehen hitza euskaraz egiten badugu, deitu digunari euskara erabiltzeko bidea ematen diogu.
ELKARRIZKETA
Hitz egitea bezain garrantzitsua da entzuten jakitea. Beraz, utzi hitz egiten solaskideari, ez eten, oso beharrezko ez badugu ikusten behintzat. Horrela, hariaren bestaldean dagoenak zer nahi duen jakingo dugu, eta ondorioz, egoerari egokituko gure jarduna.
Norbaitekin telefonoz ari garela, badira behin baino gehiagotan errepikatzen diren egoerak, ia beti formula jakin batzuekin konpontzen direnak: deia beste norbaiti pasatu, itxaroteko esan, norbait ez dagoela esan eta mezuren bat hartu,... Ikus ditzagun horietako batzuk.
DEIA BESTE NORBAITI PASATZEKO
Dei bat beste norbaiti pasa behar baldin badiogu, komeni da solaskideari esatea zer zerbitzu, sail edo dena delakoarekin eta norekin jarriko dugun. Deia pasa aurretik solaskidea agurtzen badugu, hurbiltasun puntu hori areagotuko dugu herritarrarengan. Era berean, ziurtatu beharko dugu solaskidea pertsona egokiarekin jarriko dugula.
DEIA PASATZEKO |
Itxaron pixka batean, mesedez, berehala jarriko zaitut zuzendariarekin. Zaude pixka batean. |
Noren partez, mesedez? Noren partetik, mesedez? Nork deitzen diola esango diot? |
Oraintxe jarriko zaitut zuzendariarekin. |
ITXAROTEKO ESKATZEKO |
Beste linea batetik hitz egiten ari da. Telefonoz hitz egiten ari da. Itxaron nahi duzu? |
NORBAIT EZ DAGOELA ESATEKO |
Une honetan ez dago, mezuren (enkargu, errekaduren) bat utzi nahi diozu? Kanpoan da, mezuren bat utzi nahi diozu? Sentitzen dut, baina une honetan ez dago! Bilera batean dago, mezurik utzi nahi? |
ELKARRIZKETAREN AMAIERA. AGURRAK
Elkarrizketa amaitzeko herritarra agurtu, gogoratu bera dela gure bezeroa. Hona hemen esamolde batzuk:
AMAIERAKO AGURRAK |
Eskerrik asko deitzeagatik. Hurrengo arte! / Hurrengora arte! Eskerrik asko deitzeagatik, eta arratsalde on! Mila esker (Esker mila)! |
Eskerrik asko! - Ez horregatik! - Ez dago zergatik! - Ez da ezer ere! - Baita zuri ere! - Eskerrak zuri! |
KONTUAN EDUKI BEHARREKO BESTE ZENBAIT GAUZA
· Irribarretsu baldin bagaude, solaskideak ere igarriko du telefonoz bestaldean gure jarrera positiboa dela.
· Hitz garrantzitsuak azpimarratu.
· Norbaitek zerbaitengatik kexatzeko deitzen badu, patxadaz hartu; ez jokatu zuri kontu eske ari balitzaizu bezala. Horrelakoetan, ez eten solaskideari, utzi barruak husten. Hala ere, ez dago zertan beti arrazoia eman bezeroari, bezeroaren lekuan jartzen saiatu bai, beharbada; baina, horregatik
arrazoirik eman ez. Jarrera neutrala hartuko dugu, eta saiatuko gara inori errurik ez egozten. Hala ere, gure laguntza eskainiko diogu.
· Aldatu entonazioa eta elokuentzia, hau da, erritmoa (telefonoz aurrez aurre baino geldoago hitz egitea komeni da).
· Saihestu formulak, superlatiboak, termino teknikoak.
· Positiboak izaten saiatu beti, bai jarreran bai hizkuntzan (hizkuntza positiboa, argia eta zehatza).
KONTUAN HARTZEKOAK |
*Ez nago oso ziur, baina baietz uste dut. (EZ) Baiezkoan nago. Baietz esango nuke. Baliteke horrela izatea. (BAI)
*Ez nago ados zurekin. (EZ) Nire ustez honela eta horrela da. (BAI)
*Arazo hori ez dagokigu guri. (EZ) Gai hori ...-ren ardura da. (BAI)
*Ez zenuke nahiko guk deitzea? (EZ) Nahi izanez gero guk deituko dizugu. (BAI)
*Ez dut uste denbora asko emango duenik zurekin hitz egin arte. (EZ) Berehala izango da zurekin. (BAI) |
· Bestalde, normala da telefonoz hitz egiten ari garenean beste telefono zenbaki bat eman behar izatea. Gogoratu, horrelakoetan, bai nork berak esateko, bai telefonoz bestaldean daukagunari lana errazteko hobe dela zenbakiak banan--banan esatea: 945-783469 (bederatzi/lau/bost, zazpi/zortzi, hiru/lau, sei/bederatzi) eta ez, (bederatzi/lau/bost, hirurogeita hamazortzi, hogeita hamalau, hirurogeita bederatzi).
Telefono mezuak hartzeko-emateko oharrak
Mezuren bat hartzerakoan kontuan hartu beharrekoak:
- Solaskidearen izena
- Erakundearen izena
- Deiaren eguna eta ordua
- Zergatia, gaia
- Telefono zenbakia
- Solaskideari deitzeko ordurik onena.
Bukaeran mezua berriz esan edo laburtu dakioke solaskideari, hartu duguna zuzena dela baieztatzeko. Oharrak zuzen jaso ditugula baieztatu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina