Ø *egitura oker hau zabaltzen ari delaz ohartu naiz
Gero eta maizago entzuten eta irakurtzen ditugu izenburuko esaldiaren antzekoak. Erdararen eraginez sortutako kalko sintaktiko okerrak dira. Hona hemen, Interneten topatutako zenbait adibide:
- *Berehala erantzutea hobe delaz konturatu ginen.
- *Azala leunago eta indartsuagoa nuelaz berehala ohartu nintzen.
- *Aurrera jarraitu zuen izugarrizko zauria zuelaz jabetu gabe.
Beste modu honetan behar dute zuzenak izateko:
- Konturatu ginen hobe dela berehala erantzutea.
- Berehala ohartu nintzen azala leunago eta indartsuago nuela.
- Aurrera jarraitu zuen izugarrizko zauria zuela jabetu gabe.
Ez ahaztu testuinguru bakar batean ere ez dela zuzena -e)laz egitura.
Ø *egitura hau okerra delaren susmoa dut.
Euskaraz, testuinguru bakar batean ere ez da zuzena -laren egitura. Hortaz, susmoa bakarrik ez, ziurtasun osoa izan behar dugu. Esaldi hau eta hau bezalakoak erabat okerrak dira:
*Egitura hau okerra delaren susmoa dut.
Hiru aukera hauek, behintzat, baditugu esaldi hori zuzen emateko:
a) Egitura hau okerra den susmoa dut.
b) Egitura hau okerra delako susmoa dut.
c) Susmoa dut egitura hau okerra dela.
Gehiago jakin nahi izanez gero, kontsultatu Euskaltzaindiaren 116. araua: 116 -eLAKO eta -eN atzizkiak izenak gobernaturiko perpaus osagarrietan
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina