Hiztegi Batuan “ll” grafiaz idatzita datozen hitzak
Zenbaiten ustez,
<<ll>> grafia, hau da, <<l bikoitza>> ez da zuzena
euskaraz. Uste okerra da hori. Hauek dira gaur egun Euskaltzaindiaren Hiztegi
Batuan -ll- bilkuraz idatzita agertzen diren hitzetako batzuk: artilleria, ballet, billar, billete, bonbilla, gerrilla, gillotina, gillotinatu, kuadrilla, llama, llollo, llollobelar, pastilla, tortilla.
Hortaz, okerrak dira: *artileria, *balet,
*bilar, *bilete, *bonbila, *gerrila, *gilotina,
*gilotinatu, *kuadrila, *pastila, *tortila.
Beste hitzik ezagutzen
baduzue, esaguzue, mesedez.
ñ letra (eñe)
Zenbait jendek uste du
[ñ] hots bustia <in> bikotearen ondorio dela beti, eta ñ letrarik
ez dela euskaraz. Ez da hala. Erreparatu adibide hauei: ñabardura, ñaka, ñañan
egin, ñaño, ñimiño... hitzei; -ño atzizkiaz eraturikoei: andereño,
haurño, xoriño, gazteño, maiteño...; mailegatuei: piñoi, txanpiñoi, erresiñol,
giñol...; zenbait herri-izeni: Abadiño (abadiñar), Oñati (oñatiar), Armiñon
(armiñondar), Iruñea, Urdiñarbe (urdiñarbetar)...; zenbait ponte-izeni: Eñaut,
Beñat, Iñaki, Garbiñe, Eguzkiñe, Zuriñe…
JAKINGARRIAK
Nola esango zenuke “Genio y
figura hasta la sepultura”?
Testuinguruaren arabera:
Lehengo lepotik burua
Asto jaio, asto bizi eta asto hil
Astoa beti asto
Azeri zaharrari ilea joan, baina
antza ez
Kukua beti kuku
Lore
zauritua
Bihotzean daramaguna
gure hizkuntzaz baino ezin dugu adierazi.
Hitzak behar ditugu
maitasunaz hitz egiteko,
edo heriotzaz.
Hitzak behar ditugu
izendatzeko atsegin duguna zein gorroto duguna.
Hitzak behar ditugu
herabe gaudenean nagiak ateratzeko,
haserre gaudenean adiskidetzeko,
herriminez gaudenean urrutikoak gerturatzeko.
Gure hitzek lekukoak behar dituzte
gure galderak entzungo dituztenak,
gure eskaerak,
gure damuak ere bai.
Gure hitzek magala behar dute laketzeko.
Izan ere, lore zauritua da gure hizkuntza:
ederra eta, aldi berean, zaurgarria.
Gure hitzek babesa behar dute.
Babesik jaso gabe, ez baitago irauterik.
Babesik eman gabe, ez baitago bizitzerik.
PILULA GUZTIAK IKUSTEKO klikatu hemen
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina