ezeztatu

2021/03/01

Artikulua: Izurria A-tik Z-ra

 

A-tik Z-ra: oro hartu du

Berria, 2021eko otsailak 28
 
Izurri bat zer den ulertzeko hitzez eta kontzeptuz bete dira solasaldiak, munduaren oraina azaltzeko eta geroa irudikatzeko idatzitako testuak. Batzuk jada desterratuta zeudela uste zen; beste batzuk hutsetik ikasi behar izan dira, edo gogoratu, edo esanahi berriz jantzi.
 

Alfabetoak zedarritutako bidean, COVID-19ak ekarri duen errealitatea deskribatzeko eta ulertzeko erabili diren hitzen zerrenda bat da hau. Izan zitekeen beste bat, edo izan zitezkeen beste ehunka. Izan ere, mintzagai ezinbestekoa izan da izurria, eta orain dela urtebete arte irudikatzen ere zail ziren egoerak izendatzeak bide eman du mila solasetarako eta idazlanetarako. Hitz edo kontzeptu bakoitza, bere baitan, kimuz beteta dago: bide ematen du izurriaz jarduteko erabili diren beste ehunka hitzetara heltzeko.

a AEROSOLAK
Osasun krisiaren hasieran oso gutxi erreparatu zitzaien aerosolei, arnas aparatuaren bidez kanporatu, eta airean geratzen diren tanten artean ñimiñoenei. Ez zen nabarmendu gaitzaren transmisioan izan zezaketen eragin handia. Hainbat zientzialari berehala hasi ziren, ordea, ohartarazpena egiten. IDAEA-CSICeko ikertzaile Xavier Querol izan zen, adibidez, aitzindari horietako bat, eta iazko azaroan halaxe mintzatu zen BERRIAn, tantaxka horiek hizpide: «Bost mikra baino txikiago direnek denbora asko iraun dezakete atmosferan, airean igeri. Leihoa irekitzen baduzu, joan egingo dira; bestela, birusa duen pertsona bat han hizketan ari bada, edota kantuan, pilatuz joan daitezke». Eragile asko kutsatze bide horren gaineko pedagogia eta neurriak eskatzen ari dira.

b BERROGEIALDIA 
OME Osasunaren Mundu Erakundearen definizioaren arabera, horra: berrogeialdia da infektatutako pertsonaren batekin harreman zuzena izan dutenek, prebentzio neurri gisara, gainerakoengatik «apartatuta» egin behar izaten duten denbora. Hori bera, kutsatuta dauden pertsonen kasuan, bakartzea dela azaltzen du. Izurriak milioika lagun eraman ditu egoera horietara.

c COVID-19A
SARS-CoV-2 koronabirusak eragindako eritasuna da COVID-19a. Sukarra, eztul lehorra eta nekea: horra sintomarik ohikoenak. Kasu larrietan, pneumoniak ere eragiten ditu. Badira gaitza sintomarik gabe pasatzen duten infektatuak ere. Horra osasun krisi hau ulertzeko giltzarri izan den beste berba bat: asintomatiko.

d DISTANTZIA
Osasun agintarien irizpide guztiak bat datoz: ingurukoekiko distantzia ezinbesteko aldagaia da COVID-19aren prebentzioan, eta hori bermatu ezin denean, bestelako neurriak behar dira.

e EPIDEMIOLOGIA
Epidemiologia eritasunen transmisioan parte hartzen duten aldagaiak aztertzen dituen eta prebenitzeko beharrezko baliabideak zedarritzen dituen zientzia da. Xede behinena transmisioa geraraztea izaten du. COVID-19aren kasuan, argi ikusi da lehen faseetan ondo hesitu ezean zail dela geratzen. Horren harira, badira eskeak neurri eraginkorragoak artikulatzearen alde. Kontzeptu bat nabarmendu da aldarri horretan: Zero COVID estrategia.

f FARMAZIA INDUSTRIA
Botika konpainien izenez bete dira izurriari buruzko goiburuak azken hilabeteetan: indar erakustaldi handia egin dute, eta uste zen baino lehenago jarri dituzte merkatuan birusaren aurkako txertoak. Pfizer, Moderna, AstraZeneca... Behin eta berriz errepikatu dira izen horiek, eta argi utzi dute zer botere duten.

g GARBITASUNA
Osasun agintariek hasieratik emandako irizpideetako bat izan da garbitasuna: eskuak garbi izatea, batez ere. Osasun krisiaren hasieran, halaber, usu nabarmendu zen ele bat: gainazal. Gainazaletan ere birusaren arrastoak gera zitezkeela adierazi zen. Kutsatze bide horri geroz eta garrantzia gutxiago ematen zaio.

h HAMALAU
OMEren arabera, birusarekin kontaktua izan eta 5-6 egunera hasten dira COVID-19aren sintomak, batez beste, baina aitortu dute hamalau egun arteko epean sintomak ager daitezkeela. Horregatik, berrogeialdia ezartzeko orduan, herrialdeek eginiko ñabardurak ñabardura, aintzakotzat hartu behar da epe hori.

i IMMUNITATEA
«Defentsa bat da gorputzak arrotza dela deritzon ororen aurrean»: horra Biocruces Bizkaiako ikertzaile Francisco Borrego immunopatologoak immunitate sistemaz BERRIAri emandako definizioa. COVID-19aren mehatxupean, gorputzaren mekanismo horri buruzko argibideek aparteko garrantzia hartu dute. Gaiarekin lotutako hainbat kontzeptuk ere bai. Immunitate humorala deituak: «Antigorputzen bidezkoa». Immunitate zelularra-k ere bai: «T linfozitoen bidez garatzen da». Hasieratik xede bat jarri zen zerumugan, eta usu errepikatu da: txertoa. Baita taldeko immunitatea ere; aditu denak ez datoz bat zifran, baina, gutxi gorabehera, herritarren %70 inguru immunizatzean lortzen da.

j JARRAIPENA
Birusa hesitze aldera, ikasi da kasuen jarraipena egitea ezinbestekoa dela, eta hitz asko lehen lerrora etorri dira. Hortxe, adibidez, toki jakin batzuetan egindako baheketakagerraldien arabera antolatutakoak, sarri—, eta aztarnariek positiboen jarraipena egiteko egin dituzten azterketak.

k KONFINAMENDUA 
Konfinamendu hitza definitzeko orduan, pertsonen urruntze fisikoa eta mugimenduak urritzea sustatze aldera «eskala handian» ezarritako neurriei erreparatzen die OMEk. Halako neurri asko hartu dira hilabeteotan, zorroztasun maila ezberdinetakoak.

l LEHENTASUNAK 
Izurriak utzitako datuek gainezka egin dute sarri, eta, maiz ahapeka egin bada ere, onartu behar izan da ez dagoela denentzako baliabiderik eta hautatu egin behar dela: lehentasunak jarri behar direla. Garai kritikoetan, esaterako, erietxeetako ZIU Zaintza Intentsiboetako Unitateetan egin beharreko hautaketez hitz egin zen. Txertaketa planak diseinatzeko, lehentasunak jarri behar izan dira. Auzi etiko asko azaleratu ditu izurriak.

m MASKARA
Arnas aparatuko gaixotasun bat da COVID-19a; ondorioz, maskaren erabilerak berebiziko zentzua du izurriaren eboluzioan. Tankera eta babes maila askotarikoak daude. Hitz berri asko ikasteko bidea eman du horrek: higieniko, FFP1,FFP2, FFP3, kirurgiko...

n NEKE PANDEMIKOA
OMEk berak onartzen du neke pandemikoa badela, eta halaxe definitzen du: «Gomendatutako babes jokabideei jarraitzeko desmotibazioa sor dezakeen estutasuna». Azaldu du «pixkanaka» garatzen dela.

o OLATUAK
Izurriaren eboluzioa aztertzeko egin diren grafikoei so, aise antzematen dira kurba batzuk, kasuen gorakaden eta beherakaden berri ematen dutenak. Horren arabera definitu dira izurriaren olatuak. Horiek aztertzeko, epidemiologiaren arloko hainbat kontzepturi neurria hartzea izan da egin beharreko beste ariketa bat: positiboen tasa, intzidentzia tasa, R0.

p PANDEMIA
Pan grezieraz dena da; demos, herria; pandemia, mundu osoko edo lurralde zabal bateko izurria. Ofizialki, OMEk iazko martxoaren 11n adierazi zuen COVID-19ak eragindakoa pandemia bat zela.

r RNA MEZULARIA
Ikasi beharreko beste kontzeptu bat RNA mezularia deitua izan da. Teknologia horretan oinarritzen dira EMA Sendagaien Europako Agentziak COVID-19aren aurka baimendutako lehen bi txertoak, Pfizer eta Moderna botika etxeenak. Oraindik ere merkatura heltzeko zeuden halako txertoak, baina adituak harrituta daude haien emaitza onei begira.

s SINDEMIA 
Elhuyarreko zientzia dibulgatzaile Ane Galarragak BERRIAko Pentsaldian zutabe batean esana utzi zuen: «Krisi hau sindemia bat da, eta, osasun-krisia ez ezik, soziala eta ingurumenekoa ere barne hartzen ditu». Hain zuzen ere, sindemia bat hizpide hartzean, zabaltzen ari den birus bati ez ezik, eragina duten beste hainbat aldagairi ere erreparatzen zaie.

t TESTAK 
Horra beste ezinbesteko hitz bat osasun krisi honetan: test. Epidemiaren kontrolerako tresna oso erabilgarriak dira proba diagnostikoak, eta erruz erabili behar izan dira: eguneroko hizpidea bihurtu dira, adibidez, PCR testak eta antigeno testak. Badira birusaren kontrako antigorputzak atzemateko propio prestatukoak ere: proba serologikoak.

u UGARITASUNA
SARS-CoV-2 koronabirusak, gainerako birusen eran, forma ugari dituela erakutsi du, eta horren harira ere ikasi behar izan dira hainbat ele: mutazio asko izan ditu, eta, ondorioz, birusaren aldaera ugari daude dagoeneko.

w WUHAN
Txinako hiri bat da, Hubei probintziakoa. Han izan zen izurriaren lehen agerraldia. OME han dabil gaitzaren jatorriaren bila.

x XIRINGAK
Azkenaldian, xiringaz bete dira izurriari buruzko berriak: txertoa jartzeko tresna garrantzitsua dira.

z ZAHAR ETXEAK
Inoiz gutxik esan die zahar. Usuagotan hautatu dira gertutasuna erakutsi asmoz hautatutako formulak, onberakeriatik hurbilekoak: aitona-amonak; hitz formalak: adineko pertsonak. Adinekoek zinetan aparteko tokia hartu dute osasun krisi osoan, COVID-19a oso oldarkorra delako haiekin. Zahar etxeetan ere egoera aski gogorrak eragin ditu, eta, orotara, maiz izendatu behar izan da gizarteko keria bat: adinkeria.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina