ezeztatu

2021/03/04

Euskara hobetzen: baldintzazkoak administrazio-testuetan

Administrazioko egintzetan, ohikoak dira betekizunak; alegia, herritarrak bete beharreko eginbideak, baldin eta prozedura administratibo jakin batean jardun gura badute.

Ahalik eta forma sinpleenak erabili beharko genituzke administrazioko testuetan.

Langileak bere ohiko bizilekutik 150 km-tik gorako bidaia bat egin behar izatearen kasuan, lizentziak beste egun bi luza daitezke.

2020ko edo 2021eko KPIa negatiboa izatearen suposamenduan, urte horretan bermaturiko % 1ari kenduko zaio.

Horiek guztiak, erraz ordezka daitezke baldintzazko perpaus naturalagoekin:

Langileak bere ohiko bizilekutik 150 km-tik gorako bidaia bat egin behar badu, lizentziak beste egun bi luza daitezke.

2020ko edo 2021eko KPIa negatiboa izanez gero, urte horretan bermaturiko % 1ari kenduko zaio.

Baldintzazko perpausen egitura

Normalean perpaus nagusia mendekoaren aurretik jartzea komeni da; hala, esaldiaren ideia nagusia aldez aurretik adierazten dugu eta irakurleak hobeto uler ditzake ondorengo osagaiak

Aldiz, baldintzazko perpausen kasuan, bestelako hurrenkera proposatzen dugu. Izan ere, “Baldintza hau ematen bada, ondorioa hau izango da” egitura oso eraginkorra da informazioa kodetzeko.

Epaileak desegindakotzat deklaratuko du ezkontzaren erregimen ekonomikoa alderdiren batek hala eskatzen badu.

… beste hau hobetsi beharko genuke:

Alderdiren batek hala eskatzen badu, epaileak desegindakotzat deklaratuko du ezkontzaren erregimen ekonomikoa.

Bereziki, perpaus nagusia luzea denean:

Alderdiren batek hala eskatzen badu, epaileak desegindakotzat deklaratuko du ezkontzaren erregimen ekonomikoa eta irabazpidezko sozietatearen likidazioa egin ahal izango da ezkontzaren erregimen ekonomikoa likidatzeko prozeduraren bidez.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina