ezeztatu

2019/05/17

Hitzez hitzezkoa (Itzulpen-teknikak IV)



Teknika honen bidez SHko hitz bakoitzari XHko beste bat egokitzen zaio. Hizkuntzak berak ezartzen dituen ezinbestekoak (joskera, ordenamendua...) aintzat harturik, zuzeneko aldaketa egiten da SHtik XHra; izan ere, ezinbesteko horiek kontuan eduki gabe, sortzen den testua ez baita euskara izango.

Noiz erabili:

SHko (Sorburu-hizkuntza) eta XHko (Xede-hizkuntza) egituren artean zuzeneko korrespondentzia dagoenean. Hau da, jatorrizko testuko hitz bakoitzari xede-hizkuntzako beste hitz bat dagokio.

Jatorri eta kultura bereko hizkuntzen artean erraz egin daitezke era honetako itzulpenak. Hala ere, euskarak, gaztelania/frantsesaren ondoan bizi bada ere, eta kultura berean murgilduta egon arren, ez du beti teknika hau onartzen, ez baitu besteen jatorri bera. Euskarak, besteen aldean, ordenamendu erabat ezberdina dauka. Beraz, prozedura hau erabiltzekotan, adi egon emaitzari.

Oso egitura ezberdinak dituzte hizkuntzok, eta ezin da fotokopia hutsa egin. Prozedura hau erabiltzekotan, kontuan hartu behar dugu euskarak ordenamendu-arau zehatzak dituela, eta bete beharrekoak gainera.

Zenbait kasutan lasai asko erabili ahal izango dugu teknika hau, ordenamendu-arauak aintzat hartuz. Adibidez:

         El Decreto / citado / se publicó / el 5 / de noviembre / de 1983.
                  
         Aipatutako / dekretua / 1983ko / azaroaren / 5ean / argitaratu zen.

Beste kasu batzuetan, ezin da teknika hau erabili:

         Los organismos autónomos contarán con un presupuesto específico.

         Erakunde autonomiadunek aurrekontu espezifiko batekin kontatuko dute.

Hemen aldaketa txiki bat (sinonimoa edo modulazioa) egin beharko genuke:

         Erakunde autonomiadunek berariazko aurrekontua izango dute.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina