ezeztatu

2020/05/28

KONFINAMENDUA ARINTZEKO 2 FASEA IV

EUSKARAREN MISTERIOAK

EUSKARAZ EZ DA EGOKIA (XXVIII)

NONDIK/NON

NONDIK kasuak bi balio nagusi ditu, oro har:
• abiapuntua adieraztea: Etxetik etorri zen.
• ‘barrena edo zehar’ ideia adieraztea: Basotik (basoan zehar) ibili zen Robin Hood. ( zehar postposizioa (-n zehar; -tik zehar))

Askotan, ordea, gaztelaniaren eraginez-edo, NONDIK kasua erabiltzen da, berez NON kasua erabili beharko litzatekeen tokian.
?Menditik dabil (> mendian dabil).
?Plazatik egon gara (> plazan egon gara).
?Kaletik ikusi dut (> kalean ikusi dut).
?Hortik (al) dabil Patxi? (> Patxi hor (al) da(go)/dabil?).
?Utzi espediente hori hortik (> Utzi espediente hori hor nonbait).
*Lehen, asko etortzen zen gure dendatik (> ...dendara).



JAKINGARRIAK


Nola esaten da euskaraz 'está hecho de otra pasta'?
Hona hemen hori adierazteko zenbait esamolde:


Beste kasta batekoa da
Beste hariko ezpala da


TXINA ZAHARREKO IPUINA
 Jostorratza

Amona zahar bat ari zen – Hubei lurraldean –, farol baten argitan, zerbaiten bila, etxe aurrean. Handik bertatik pasatzen zen jendeak galdetu zion:
– Zeren bila zabiltza, amona?
– Jostorratzaren bila.
Eta denak jarri ziren jostorratzaren bila, etxe aurrean, farolaren argitan. Halako batean, galdetu zioten amonari:
– Non galdu duzu jostorratza, amona?
– Etxeko sukaldeko txokoan – amonak.
– Eta etxe aurrean zabiltza bilaka?
– Hemen argi ederra baitago – amonak –, eta, sukaldeko txokoan, berriz, ezta batere.

PILULA GUZTIAK IKUSTEKO klikatu hemen


2020/05/27

KONFINAMENDUA ARINTZEKO 2 FASEA III

EUSKARAZ EZ DA EGOKIA (XXVII)


 
PARTITIBOA BAIEZKO PERPAUSETAN NOIZ ETA NOLA [30. araua]

Ezezkoetan: Ez dut astirik horretarako
Galderetan: Kaferik nahi al duzu?
Baldintzazkoetan: Laguntzarik behar baduzu, deitu
Indar enfatikoa emanez, baiezkoetan: Zuberoan bada mutil ederrik! (testuinguru berezietan)

ERABILERA OKERRAK [15. araua]

• Partitiboan doan izen-sintagmak artikulua eramatea (mugagabean behar du): *Ez dut lanarik egin (> Ez dut lanik egin).
• Sintagmak balio generikoa duenean, ezezko perpausetan partitiboaren ordez artikulua erabiltzea: *Ez dago papera (> Paperik ez da / Ez dago paperik).
• Pluraleko komunztadura egitea aditzarekin: *Ez dituzu lagun onik aurkituko (> Ez duzu lagun onik aurkituko). *Seme-alabarik ez ditut (> Seme-alabarik ez dut).
• Ezezko esaldietan, zalantza sor liteke partitiboa zenbatzaile zehaztugabe batekin doanean: Zein da egokiagoa, Ez dugu hainbeste arazo izan ala Ez dugu hainbeste arazorik izan? Askoz ere erabiliagoa da lehen moldea, eta hori da hobestekoa zalantzarik gabe.
• Ezezko perpaus predikatibo edo atributiboetan (IZAN aditza duten perpausetan): *Zuek ez zarete ikaslerik (> Zuek ez zarete ikasleak edo Zuek ez zarete ikasle).

PARTITIBOAREKIN ERABIL DAITEZKEEN ZENBAIT EGITURA

• -ik/Ø gabe: Diru(rik) gabe etorri naiz.
• -ik/Ø -ena (superlatiboa): Testu(rik) zailena aukeratu du.
• -ik/Ø gehiena/gutxiena: Arrain(ik) gehiena harrapatzen den tokia. Ahalik eta denbora(rik) gutxiena hartzen zuen.
• Erlatibo-perpausetan:
Ez da(go) alferkeriak bezainbat kalte egiten duen pozoinik > Ez da(go) pozoinik alferkeriak bezainbat kalte egiten duenik.
Euskal Herrian ez da(go) hark adina diru duen inor > Euskal Herrian ez da(go) inor hark adina diru duenik.

Gehiago jakiteko klikatu hemen

JAKINGARRIAK
 


 
Hona hemen hori adierazteko zenbait esamolde:

Zuretzat tantoa
Jaso alea!
Zuk arrazoi orain ere
Baietz, zuk beti arrazoi
Hala badiozu, hala izango da
Zuk arrazoi, eta kito
Zuk arrazoi, eta eman bakea.


HAUSNARTZEKO: Nola esaten da aforo?
 Zuzen


Kurba apaldu edo berdindu; behin-behineko edo kanpaina-ospitale; konfinamendua arintzea edo leuntzea; urruntze fisikoa; maskara, musu-aurrekoa; seroprebalentzia ikerketa; berragertze arriskua... Errealitate berriak lehen nekez erabiltzen genituen hitzak erabiltzera behartu gaitu azken bi hilabete luzean.
Apurka ari dira gauzak bere onera —edo bere txarrera— itzultzen. Taberna eta jatetxeak zabaltzeko baimena eman dute, baina neurri zehatzak hartuta. Jakinarazi egin behar dute aldi berean zenbat egon daitezkeen barruan. Oharra ele biz idatzi nahi duen tabernari edo jatetxe-jabeari zoldar bat azaldu zaio. Aforo euskaraz nola jartzen den jakin nahian dabil azken egunotan. «Baimendutako gehieneko edukiera: XX» ipini duenik izan da. Ez dago gaizki. Zuzena da. Baina…
«Barruan, gehienez XX lagun» jartzeko aholkatu nion tabernari adiskide bati. Gazteleratik pentsatzen duenaren ohiko txistea egin zidan. Ea nola nekien guztiak lagun zirela. Gazteleraz «XX personas» jarria zeukan, eta nire lagunena bezain dudakoa zela bere pertsonena erantzun nion. Barre egin zuen eta jaramon egin zidan.
Andoni Egaña

 PILULA GUZTIAK IKUSTEKO klikatu hemen