ezeztatu

2020/05/19

KONFINAMENDUA ARINTZEKO 1 FASEA II

HARREMANAK


EUSKARAZ EZ DA EGOKIA (XXI)

bat zenbatzailea / -a artikulua (batzuk/-ak)

Noiz erabili bat zenbatzailea, noiz artikulua? Badira adostasun handia biltzen duten joera nagusi batzuk:
a) Adibidez, albiste baten edo kontakizun baten hasieran: elementu bat lehenbizikoz agertzean, bat indeterminatuarekin aipatzen da, eta aurrerantzean, berriz, -a artikuluarekin.
Bizkaian gizonezko bat (#gizonezkoa) hil da auto-istripuan. Gizonak 45 urte zituen [...].
Beasaingo langile bat (#langilea) hil da lan-istripuan. Langilea ez da konturatu, antza, [...].
b) Arestian aipaturiko oposizioa egiteko ez ezik, bat zenbatzailea artikulu indeterminatu gisa erabiltzen da maiz:
Gaur arratsaldean film bat ikusi dut.
Don Kixote liburu bat da.
c) Honako hauetan, ‘-a(k)’ mugatzailearen aldeko hautua da nagusi tradizioan:
• Aipamen hutsa egiten denean:
izena, partaideak...
Ikusi: zaldia!
Hara! Hegazkina.
Atributuaren numero-komunztadura denean (IZAN aditzarekin):
Zu tontoa / tonto hutsa zara (?Zu tonto bat zara).
Lapurrak dira, gero! / Lapur galantak dira (?Lapur batzuk dira).
Gizakien klonazioak fikzioa dirudi (?fikzio bat dirudi).
Nolakotasunarekin loturik:
Egundoko beldurra izan nuen (?Beldur bat izan nuen!).
A zer-nolako zarata atera duzuen! (?Zarata bat atera duzue!!).
Garai ona da lanean hasteko (?Garai on bat da...).
Kristo(re)n/Sekulako mozkorra harrapatu du (*mozkor bat).
d) Bi formak —'-ak' zein bat— dira zilegi batzuetan:
• Kontuan hartu behar da zer adierazi nahi den:
- ZER nagusitzea: Aulki txiki bat erosi dute.
- ZEIN nagusitzea: Aulki txikia erosi dute (= Aulkien artean txikiena erosi dute).
- NOLAKO nagusitzea: Aulki txikia erosi dute (= Txikia da erosi duten aulkia).
• Balio generikoa duenean (-a(k)):
- Etxea erosi dut. Autoa erosi dut. (≠ etxe bat, auto bat)
- Hitzarmena sinatu dute.
- Baimena behar da han sartzeko.


TXINA ZAHARREKO IPUINA

Pareta eroria


Bazen behin, Sung lurraldean, gizon aberats bat, dirutza handia zuena. Etxeko pareta erortzen hasi zen, zaparrada ikaragarri baten eraginez.
–Pareta ez baduzu berritzen – esan zion semeak –, lapurren bat sartuko zaizu.
Auzoko zahar batek ere, ohar bera egin zion gizon aberatsari.
Gau hartan bertan, lapurtu zioten dirutza handi bat.
Orduan, gizon aberatsak goraipatu egin zuen semea, asmatu zuelako; eta susmo txarrak hartu zizkion auzoko zaharrari.

 PILULA GUZTIAK IKUSTEKO klikatu hemen



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina