Esaldi hauen artean, ba al dago bigarrenaren alde
egiteko gomendiorik?
1. Bileran gai asko aztertuko dira.
2. Bileran gai asko aztertuko
ditugu/dituzte.
Ondo dakizunez, biak dira zuzenak. Baina
komunikologoen aholkua da estilo pertsonala erabiltzea. Begiratu zer
dakarren horren kontura IVAPen Estilo Liburuak, 132. orrialdean :
AHAL DELA, UTZI AGERIAN EGILEA
Gaztelaniaz gaur egun joera handia dago egitura
pasiboak eta inpertsonalak erabiltzeko. Eta baliagarri dira, gainera, egilea ezkutatu
beharra dagoenean; esate baterako, Administrazioak badakienean hartzaileak ez
duela gustuko izango mezua, edota lege bat idazterakoan.
Halere, herritarrari idazten zaionean komeni da, ahal den guztietan, egitura
aktiboak erabiltzea, horrela argi gelditzen baita egilea zein den:
El incumplimiento por parte del interesado de las
Bases dará lugar al reintegro de la totalidad de las cantidades cobradas.
(saihestekoa) Interesatuaren aldetik oinarriak ez betetzeak kobratu diren kopuruak osotara itzultzea sorraraziko du.
Oinarriak betetzen ez baditu, bekadunak diru guztia
itzuli beharko du.
(saihestekoa) Jakinarazten da 30 eguneko epea dutela interesdunek alegazioak egiteko.
Jakinarazten dizut 30 egun dituzula alegazioak
egiteko.
(saihestekoa) Ekitaldi hori oso txalotua izan zen herritarren
aldetik.
Ekitaldi hori asko txalotu
zuten herritarrek.
(saihestekoa) Ziur gaude neurriak oso abegi ona izango duela
gurasoen aldetik.
Ziur gaude gurasoek pozik hartuko dutela
neurria.
Ziur gaude gurasook pozik hartuko duzuela neurria [hurbilagoa].
TXINA ZAHARREKO IPUINAK
Pazientzia
Herrixka batean,
Qinghai lurraldean, agintari berria hautatu zuten, aurrekoa zahartu egin
zela-eta. Agintari zaharrak, ohi bezala, bere aholkutxoa eman zion berriari:
“Hartzak pazientzia”. Berriak baietz erantzun zion.
Handik hilabetera,
plaza nagusian egin zuten elkarrekin topo. Eta agindu bera eman zion zaharrak
gazteari, eta honek hari erantzun bera.
Handik hilabetera,
azokan egin zuten topo, eta agindu bera eman zion zaharrak gazteari, eta honek
hari erantzun bera.
Handik hilabetera,
herriko areto nagusia jendez lepo zegoela, elkarrekin egin dute topo. Zaharra
hasi da ahoa zabaltzen zerbait esateko. Baina, gazteak eten egin dio hizketa
saioa, oihuka:
– Badakit zer
esango didazun! –. Jende guztiak burua jiratu du, oihuka zein ari den
jakiteko. Orduan, zaharrak:
– Ikusten duk? –
erantzun zion gozo eta leun – Oraindik ere, ez duk ikasi pazientzia hartzen.
PILULA GUZTIAK IKUSTEKO klikatu hemen
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina