ezeztatu

2020/05/15

KONFINAMENDUA ARINTZEKO 0,5 FASEA IV

EUSKARAZ EZ DA EGOKIA (XVIII)


Batzuetan, nahasian erabiltzen ditugu goiko hiru forma horiek. Eta berez, oso esanahi desberdina daukate. Hona hemen behin baino gehiagotan ikusi izan ditugun akatsak. 

OHIKO AKATSAK
1 *Pilotari gazteak kategoria guztietako txapelak irabazi ditu, bat ez ezik.
2. *Osoko Bilkuran alkatea eta zinegotzi guztiak egon dira, alderditik kaleratutakoa ezik.
 3. *Era guztietako kultur emanaldiak izan ditugu hilabete honetan, antzerkia ezik.
4. *Kaleko obrak ahalik azkarren amaitu behar dira, Artola kalea ez ezik beste guztia abendurako gertu egon behar baita.

ZUZENKETAK ETA AZALPENA

IZAN EZIK forma salbuespenak adierazteko erabiltzen dugu:
·         Ikasle guztiak ikastaroan daude, Tere izan ezik

EZ EZIK forma, aldiz, “horrez gainera” esateko erabiltzen dugu, eta derrigorrez ERE erabiltzera behartzen gaitu:
·         Irakurri ez ezik idatzi ere asko egiten du gazte horrek.

Eta EZIK “ezean” formaren sinonimotzat har dezakegu, hau da, ezezko baldintza egiteko erabiltzen dugu:
·         Garaiz ibili ezik/ezean, ez ditugu finalerako sarrerak lortuko. (Garaiz ibiltzen ez bagara, ez ditugu finalerako sarrerak lortuko). 

Beraz, esaldi zuzenak hauek dira:
1. Pilotari gazteak kategoria guztietako txapelak irabazi ditu, bat izan ezik.
2. Osoko Bilkuran alkatea eta zinegotzi guztiak egon dira, alderditik kaleratutakoa izan ezik.
3. Era guztietako kultur emanaldiak izan ditugu hilabete honetan, antzerkia izan ezik.
4. Kaleko obrak ahalik azkarren amaitu behar dira, kale guztiak abendurako gertu egon behar baitira, Artola kalea izan ezik.
Hau da, Artola kalea ez beste guztia abendurako gertu egon behar da.
Kaleko obrak ahalik azkarren amaitu behar dira, Artola kalea ez ezik beste guztia ere abendurako gertu egon behar baita. Hau da, dena, dena, Artola kalea barne, abendurako gertu egon behar da.


Baina hau ez!!!

HAUSNARTZEKOA
Argi-izpia
Ez du nahi datorren astelehena iristerik. Pereza sentitu du, gogorik eza. Garraio publikoa hartu beharko du berriz ere. Segurtasun neurriei men egin beharko die, eta, halere, ez da arriskutik guztiz libre sentituko. Eta lantokira iristean, azken bi hilabeteotan pilaturiko lanak han edukiko ditu zain. Goiz esnatzera eta desorduetan bazkaltzera moldatu beharko du berriz...
Ohitu egin da itxialdira. Sekula baino elikadura orekatuagoari heldu ahal izan dio; inoiz baino gorputz ariketa gehiago egin du; irakurketari grinaz heldu dio, aspaldian ez bezala; galdu-gordean zeukan arropa mordoa sailkatu eta txukundu ahal izan du; bikotekidearekin urteetan izan gabeko berriketaldiak izan ditu. —«Atzo emaztearekin hizketan aritu nintzen eta emakume atsegina dirudi», zioen hasierako meme haietako batek—; itxialdia luze baina egunak labur geratu zaizkio. Eta orain, bukatzera doanean, itxialdia bera ere labur geratu zaion irudipena dauka.
Duela hilabete batzuk, hirurogei urte bete zituenean, ez zukeen horrelakorik sumatu ere egingo. Baina orain, gutxiago mugituta gutxiago gastatzen dela jabetu da. Akaso ez lukeela lantokira itzuli beharrik bizi ahal izateko. Eta gainera, inork ez dio konturik hartuko, jende asko ibiliko baita bere burutazioen antzekoekin.
Andoni EgaƱa

Eta ezpainetan irribarrea nahi baduzue izan, ireki dokumentu hau:
 HIZTERIA KOLEKTIBOA

 PILULA GUZTIAK IKUSTEKO klikatu hemen

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina